Hemen dira Enarak, eltxo harrapatzaile abilenetakoak

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 12a, 02:00

Denei enarak esaten zaie askotan, baina ez dira ez ordena eta ez familia berekoak. Hiru enara klase badira Hernanin: arrunta, azpitxuria eta uretakoa. Laugarrena, ez da enara, irriyua edo sorbeltza da, Kaxkoan oso ezaguna.

Maiteak dira enarak gurean, eta oso zabalduta daude, ia lurralde osoan. Uda­be­rriare­kin iristen dira, eltxo, elbi edo liztorrak jaten dituzte, eta taldean ibiltzen dira. Horrek ezagun eta maitatu egiten ditu. Lau enara klase badira Euskal Herrian, eta horietatik hiru behintzat Her­nanira etortzen dira: enara arrunta, haundiena eta lirainena; enara azpitxuria, ugariena; eta uhalde enara, txikia eta urria. Laugarrena, haitz-enara, denetan akrobatikoena, zabaltzen ari da Euskal Herrian, Hernani mugara ere iritsi da. Añarbe inguruan ikusi dute. Enara guztiek badituzte berezitasun batzuk: txikiak dira (13-20 cm), aho zabala, moko motza, sarde edo txardango formako buztana, he­go indartsu eta estuak, hanka ahulak... Hegalari abil eta biz­korrak dira (migrazioko me­dia 40-50 km/h), eta Afri­ka aldetik etortzen dira: Con­go, Camerun, Madagascar… Hiru enaraz gain, enara esaten zaion txori bat ere urtero etorri ohi da Her­nanira, hilabete bat beranduago, maiatza inguruan: irriyua edo sorbeltza, enara-beltza ere esaten zaiona. Beltza da (lepoko mantxa txuri bat kenduta) eta erraz bereizten da enaretatik.


Euskal Herrian 15 izenetik gora, txori berdinarentzat
Mundu osoan zabalduta dago enara (Zeelanda Berrian eta Poloetan izan ezik). Herri bakoitzean hiztunek era batera deitzen diote txori honi, eta hargatik ditu 15 euskal izenetik gora: Enara, Ainara, Ernara, Boletxikoa, Kinuria, Apeztxoria, Txinara…


Irriyua edo Sorbeltza (Apus apus), hegalari nekaezinak
Beltza da. Hegan pasatzen du bizitza, eta kabia egiteko bakarrik geratzen da; ia beti leku berdinean: etxe zaharrak eta aurrean espazio librea dutenak. Hernanin Madina etxean behintzat egin izan dituzte kabiak oraintsu arte. Azken urteetan ez dituzte iku­si. Migrazioan 1.000 km ere egin ditzakete egun batean, eta 100 km/h abiadura harrapatu. Hegan jaten du, hegan larrua jotzen, eta… hegan lo egiten! Zalaparta haundia sortzen dute beren txio hotsekin.


Enara arrunta (Hirundo rustica), haundiena eta lotsatiena
Erraz bereiziko dugu Enara arrunta. Enaretan haundiena da, eta isatsean bi luma luze-luze nabarmenak ditu. Bakarrik xamar ibiltzen dira, ez ditu maite hiriak, eta auzo txiki edo baserrietan bizi dira. Lurrera gutxi jaisten dira eta ura ere airean edan dezakete. Gehiena beltza dute, burugaina urdinxka, aurpegi aldea gorria, eta paparra txuria. Zeruaren goiko eltxoak sorbeltzei uzten dizkie, tartekoak enara azpitxuriei eta berak harrapatzen ditu azpikaldeko intsektuak.

Enara azpitxuria (Delichon urbica), hiri zalea eta ugariena
Azpia txuria dauka eta ipurgaina ere bai, hortik bereizten da erraz. Ez ditu buztaneko bi luma luxe horiek. Lehen ez zen hain arrunta baina orain ugaritzen ari da. Men­dialdeak ez ditu utzi, baina hirietan ere gustora bizi da. Lagunartekoa da eta 20 edo 100 batera erei biltzen dira ehizan.


Uhalde enara (Riparia riparia), txikiena eta urriena
Urritzen ari da. Ibai bazterrak ditu gustoko kabiak egiteko. Ebro eta Zadorran badago, adibidez. Hernanin oso bakan, eta ikusten duenari eskatzen zaio ixilean gorde­tzeko lekua. Txikia da, 12 cm inguru, eta kolore arreak ditu gainean, eta txuriak azpikaldean; koilarea ere badu, nabarmena, eta hori ere arrea da, belztaka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!