Rafa Larretxea eta Joxe Elosegi: «Aurrean egongo da gakoa»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 12a, 02:00

Rafa Larretxea eta Joxe Elosegi taldeko arduradunetako birekin hitz egin du Kronikak. Euren esanetan, atzean Hernani gehiago da, baina gakoa aurrean egongo da, errugbian ia beti gertatzen den bezala: «iazko Promoziotik aldatu dena da, gure aurrelariek esperientzia irabazi dutela».

«Promozio gogorra espero dugu. Iaztik gauzak gutxi aldatu dira, baina uste dugu aldatu dena gure mesederako aldatu dela: Alco­bendasek iaztik falta ditu jokalari on ba­tzuk, eta guk iaz baino esperientzia haundiagoa dugu». Rafa Larretxea eta Joxe Elosegi besteak beste, elkarteko zu­zen­daritza kideak dira, eta bi beterano errugbi elkartean. Hernaniko Kronikak euren iri­tzia jakin nahi izan du Alco­ben­dasen kontrako promozioaren egunean bertan. Gus­tora daude aurten egindako denboraldiarekin, eta baikor suma­tzen dira.


«Beraiek dena ematera datoz»
Alcobendasek Ohorezko mailara igo nahi du, kosta ahala kosta, eta «dena ematera» eto­rriko direla diote Larre­txeak eta Elosegik. «Urte oso onak izan ditu Alcobendasek, eta Ohorezko mailan egon nahi du berriz. Aurrekontua jaitsi, eta behera eta behera hasi ziren, iaz maila galdu arte. Denboraldi ona egin dute, partidurik galdu gabe, eta play offean hartu dute kolpe bakarra, Santanderreko Independienteren kontra».


Iazko urtearen kopia
Gogorra izan da play offa, Alcobendas eta Independien­teren artekoa. Bi partiduak irabazi ditu kanpoko ekipoak, 8-13 eta 12-13. Detaile horiei guztiei begiratuta, iazko ko­pia bat ematen du aurtengo Promozioak, baina rolak aldatuta. Hernanik iaz gauza bera egin zuen, ligako partidu guztiak irabazi, eta play offa galdu. Dena dela, taldeko arduradunek diote gauza ba­tzuetan badagoela aldea iaztik. «Batez ere bi taldeen egoera aldatu da. Hernanik gora egin du, eta Alcobendasek ez dugu uste hainbeste egin duenik. Gainera, iaz beraiek burumakur iritsi ziren Promoziora, eta gu ilusioz gaude».

Klabe txikiak, eta klabe haundiak
Promozioan beti eragin lezake urduritasunak, arbitroak, baja kopuruak, eta ez dago dena aurrez ikusterik. Horrez gain, Alcobendasen zelaia ondo gogoan dute hernaniarrek iaztik. «Zelaia kaxkarra da, pu­tzututa egoten da, eta joko motxa egin behar izaten da, gertukoa; eskura jokatzea oso zaila da». Hernaniri ze joko mota komeni zaion galdetuta, biek diote, aurten bi joko mo­tak egin ditzakeela Her­nanik. «Hor egon liteke kla­be nagusia, iazko Promozioa kontuan hartuta. Nik uste dut aurrean egongo dela gakoa», dio Larretxeak. «De­fentsa asko landu dugu aurten, eta esperientzia hartuta datoz aurrelariak». Elosegik dioenez, asko nabaritu da Jon Intxaustik entrenamenduetan eman duen laguntza. «Denboraldi bukaeran gure paketea ez zuen inork atzera arrastaka eramaten, eta denboraldi hasieran bai». Larre­txeak kiloak azpimarratu di­tu: «gure 8 aurrelarien artean ez dituzte 800 kilo osatzen, eta hala ere, talde haundiagoei eutsi egin diegu».


Patrick Polidori: «Guk jarri behar dugu erritmoa»
Elkarrizketa puntu horretan zela, lujozko hirukotea sar­tu da Landareko bule­go­an: Patrick Polidori, Jon Irao­la eta Boli Seco, taldeko hiru entrenatzaileak. Polidorik talde osoa aipatu du, hor dagoela klabea. «Talde osoak dauka klabea. Be­raiei 4-5 falta zaizkie, gu moralez ondo gaude, bai­na aurten errematatzeko orduan ez dugu asmatu. Hor asmatu behar dugu, eta errit­moa guk jarri behar dugu. Gu beste erritmo batean jokatzen aritu gara, eta hori asko nabaritu liteke. Ez dugu euren mailara jaitsi behar».


Autobus bat beteta, eta beste bat bidean...
Autobus bat beteta zegoen aste hasierarako eta bi­ga­rrena bidean. Gaur  abia­tu dira 06:00etan Atse­­gin­degitik, Hernani­ko aho­­tsak Madrilen en­tzun daitezen. Partidua, gaur, 12:30etan Alco­ben­dasko Las Terrazas zelaian.


Hernaniko afizioa aurreikuspenen gainetik
Bueltako partiduan espero da Lan­dare azken belar muturreraino bete­tzea. Afizioari eskerrak eman nahi dizkiete taldeko ar­du­radunek. «Den­bo­raldi osoan erantzun dute. 900 abonatu egin ditugu, eta horietatik 300 etorri dira partiduero. Batez beste, 800 ikusle izan dira Lan­daren partiduero. Bage­ne­kien afizioak erantzungo zuela, baina gure au­rreikus­penak hautsi di­tuz­te».


Partidua ikusteko aukera, interneten edo Zintzarri tabernan
Zuzenean partidua ikus­te­ko aukera ba­da­go Ma­dri­leraino joan ga­be. As­te­ro bezala, Zin­tzarri ta­bernan ikusgai izango da partidua. Internetez: www.alcobendasrugby.com. 

Hernaniren filosofia:

50 lagunetik gora lanean

Harrobiko jokalariekin soilik ari da Hernani, eta horrek harrotasuna bezainbesteko lana eskatzen du. 50 lagun ari dira lanean Hernanin: 9 lagun zuzendaritzan, 24 lagun entrenatzaile lanetan, eta beste 20 lagun inguru azpiegitura lanetan: talde ekonomikoa, mantenimendua... Denei eskerrak eman nahi dizkie taldeak, egiten duten lanagatik. «Ezin ditugu ahaztu, batetik Juan Rodriguez lehendakaria, ezin konta ahala ordu sartzen ari delako; gurasoei ere eskerrik beroenak, beti hor daudelako; gure espontsorrei ere eskerrik asko; Udalari, Kirolgiri, eta nola ez, Hernaniko afizio guztiari: eskerrik asko denei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!