Ireber, paisaia ederraren erdian harrotutako bizkar harritsua

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 5a, 02:00

Nafarroara antolatu du hurrengo irteera Mendiriz Mendi elkarteak. Leitza, Ezkurra eta Aldatz herrietako lurretan ibiliko dira. Ireber mendian (1.204 m) egingo dute tontorra.

Mendiriz mendi Igo beharreko mendia da Ireber eta ezagutu beharrekoa bere ingurunea ere. Hango baso, larre eta tontor harri­tsuek paisaia ederra osatzen dute, garbia, ibiltzeko aproposa, Aralar gogorarazten due­na. Ireber paisaia horren er­dian harrotutako bizkar harri­tsu eta soil bat baino ez da. Aldamenean zabaltzen den larrez osatutako Ernaizuren gain borobila altuera berekoa da eta baditu bere inguruan hainbat trikuharriren arrastoak.

Elur-ekaitzak harrapatutako bi ahizpen kondaira
Trikuharririk ezagunena Bi aizpen sepulture izenekoa da. 1926ko ekainaren 27an Gasteizen seminario bat egin zen Seminario Conciliar de Vitoria delakoa eta bertan argitaratutako artikulu batean Jose Miguel Barandiaranek honela dio: «1920ko ekainaren 8an Leitzara hurbildu nintzen herri inguruan dauden mendi batzuk esploratzeko asmoarekin. D. Ignacio de Lizarraga apaizari zor zaio parte handi batean ibilaldi honen arrakasta, bere etxean hartzeaz gain, nire proiektuaren berri izan zuenean gidari on batekin harremanetan jarri baininduen. Gidari hori Ozparun baserriko D. Jose Joaquin de Sagastizabal izan zen. Berak inguruko mendietan ikusitako berezitasun batzuen argibide zehatzak eman zizkidan. Gero ohartu nintzen trikuharriei buruz ari zela...». Beste paragrafo batean honela jarraitzen du: «... egarria asetu eta Leitzegi izeneko lepora igo nintzen. Baro­metroak 1.072 m markatzen zituen. Lepo hartan, bi gailurren artean, kareharrizko harriz eginiko 12 metroko diametroa eta metro bateko altuera duen tumulua dago. Monumentu hori Bi aizpen sepulture izenarekin ezagu­tzen da. Kondairak omen dio mendi horiek zeharkatzen ari zirela elur-ekaitza batek harrapatuta bi ahizpa (beste batzuk diote bi moja zirela) bertan hil zirela. Gero trikuharrian lurperatu zituzten».

Haize-errotek ez dute ikuspegia eragozten Gaur egun Kornieta/Zu­parrobi mendi-lerroa haize-errotez beteta dago. Aeroge­neratzaile horiei zerbitzua emateko asmoarekin inguru hau pistaz josi da eta horrek bere xarma apur bat hondatu du. Hala ere, oraindik eremu eder eta lasaia izaten jarrai­tzen du eta inguru hauetako gailurretatik ikusten diren paisaiak zoragarriak dira. Ireber ez da gutxiago. Gailu­rretik mendebaldera Mailoak eta Txindoki ikusten dira, atzerago Anboto eta Gorbea, hegoaldera Higa de Monreal eta Izaga, ekialdera Larrun, ipar-mendebaldera Ernio, iparraldean Zuperrori eta, azkenik, ekialdean Otsolako bailara bakartia eta Begaña.

IBILBIDEA:

- Usategieta mendate gainean (Basakabi izenarekin ere ezaguna dena), orain itxita dagoen hotelaren albotik, Ezkurra aldera egingo dugu. 

- Ehun metro eskas egin ondoren, gure eskuinean, pista bat jaiotzen da. Hori hartu eta jarraitu behar da. Hortik aurrera pista bitan bana­tzen den bakoitzean ezkerreko besoa hartu behar da beti. Bereha­la pagadi batean sartuko gara. Apur bat aurrerago pista amaitu egiten da eta baso barrutik doan bidezidor bati jarraitu behar zaio. Bideak zig-zag eginez, beti malda gora, baso barrutik eramango gaitu. 

- Basoa amaitzerakoan eskuinera jotzen duen bidezidorrak Artxulo lepoan (931 m.) utziko gaitu. Aurrean dolina handi bat dago. Dolina hau bere eskuinetik inguratuko dugu. Txabola batzuen aurretik pasa ondoren pista batera iritsiko gara. Gertu ditugu, ezkerrera zein eskuinera, haize-errotak. Guk pistari jarraituko diogu eta berehala Zuparrobiko lepora iritsiko gara. Hego isurira pasa eta baso barrutik pistatik jarraituko dugu. 

- Pagaditik irteterakoan, gure ezkerrean, soro batzuk ikusiko ditugu eta goian lepotxo bat. Bertara igo behar da. Lepoan aurkituko dugun  bidezidorrari jarraituz, aldapa leun batzuk igo eta lepotxo batera jaitsi ondoren Bi aizpen sepulture izeneko trikuharrira iritsiko gara. Hemendik gailurtxo bat bere ezkerretik (eki aldetik) inguratu eta berehala gara Ireber gailur harri­tsuan (1.204 m).

- Gailurretik hego-ekialdera jaitsi, Ernaizu mendi aldera. Bi gailurren artean dagoen lepora iristerakoan, pagadiaren barruan, GR12ko markak ikusiko ditugu. Hauek jarraitu behar ditugu Aldatz herrira iritsi arte.

- Aldapa jaitsi eta Buruetetik datorren errepidearekin egingo dugu to­po. Bertan aska bat dago. Aldapatxo bat igo eta Gerezieta bordaren albotik igaroko gara. Basoan sartuko ga­ra berriro, bertatik jarraitu eta hesi batekin egingo dugu topo. Zeharka­tu eta basotik barrena Irumuga lepo­ra iritsiko gara. Hemendik aurrera, Loperenako bordaren arrastoetara iritsi arte, bidea nahiko laua da. Bertan 50 metro inguruko desnibel txiki bat jaitsi eta pagaditik irtengo gara. Berriro aldapa gora beste zati­txo bat egin eta Arrizubi mendia be­re hego magaletik igaroz Aldatz he­rriko goi-partera iritsiko gara. Amai­tzeko, herrira jaistea gera­tzen da.

Datu interesgarriak

- Distantzia: 14 Km.
- Denbora: 4-5 ordu.
- Desnibela: 600 m.
- Gailurrik altuena: Ireber (1.204 m).
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
- Beharrezko materiala: Mendiko ohiko material arrunta.
- Nola iritsi: Hernanitik irten eta A-15 autobidea jarraituz Leitzara hurbildu. Bertan Goizuetara doan NA-170 errepidea hartu eta Usategietara igo.
- Noiz: Maiatzaren 12an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!