Antzerki zikloa gaur hasiko da Biteri kultur etxean. Hiru antzezlan eskainiko dituzte, gaur, bihar eta etzi, kritika eta umorea uztartuz: Francoren bilobari gutuna, Idiot Txou eta Los perros antzezlanekin. Euskeraz izango dira aurreneko biak, eta gaztelaniaz hirugarrena; guztiak, iluntzeko 20:00etan hasita.
Biterin sarreren erdia goizean jarriko dute salgai, 09:00etatik 13:00etara bitarte; eta beste erdia arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara bitarte. Saio bakoitzeko prezioa, 7 eurokoa izango da; baina egongo da aukera orandik, baita ere, hiru saioetarako bonoa erosteko, 16,5 euroan.
Hiru saioetan aurrenekoa, Francoren bilobari gutuna izango da, gaur. Ospitale batean kokatuko da, leuzemia daukan haur bat, eta obus baten arrastoak jotako gizon heldu bat elkartuta. Biziraupenaren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa egingo du.
Idiot Txou emango dute bihar, irratiko saio baten azalean. Audientzia arazoak tarteko, eskuetatik joango zaizkien edukiak lantzen hasiko dira. Bizi dugun aktualitatearen kritika umoretsua da saioa.
Azkenik, etzi, Los perros eskainiko dute, etsipena hartutako 3 gaixoren azalean, haien familiek abandonatuta.