«Teatro musikala da nire ametsa, eta behintzat, saiatu nahi dut»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mar. 4a, 01:00

Ezusteko aukera izan du En­di­ka Bengoetxea hernaniarrak, bere ametsaren bidea urratzen hasteko: «teatro musikala egin nahi dut, hori da nire ametsa, eta Go!azen telesailean parte har­­tzea perfektua izango litzateke. Juxtu ikasi nahi du­da­na da, interpretatzen eta abesten».
Hain justu, ETB1eko Bago!az saioan ari zen, Go!azenen bigarren denboraldian aktore izateko txartelaren bila; baina bigarren saioan kanporatu zuten, asteazkenean: «pena izan da, baina oso pozik nago egindakoarekin; esperien­tzia polita izan da».
Egin dituen bi saioak, ez dira nolanahikoak izan. Louis Arms­trong interpretatu zuen aurrenekoan: «estresantea izan zen! Aurrena Go!azenen abestia kantatu behar izan nuen, korrika joan karakterizazioa egitera makillajean, eta korrika abestera atera. Egia esan, ez nuen ondo pasa aurreneko gala horretan». Bigarrenean, berriz, EH Sukarra interpretatu zuen.
Bengoetxeak dio, «gus­tora» aritu dela, baina telebistak «presio puntu hori» sartzen duela: «egin behar duzu juxtu hau, oraintxe bertan. Kamara bat jartzen dizute, eta abestu egin behar duzu. Eta agian ez zaizu ateratzen momentuan».

«Brometan esan nion amari, ea aurkeztuko al nintzen»
Go!azen telesaila ikusten ari zela jakin zuen Bengoetxeak, pro­bak egingo zituztela Bago!az saioan parte hartu eta telesaileko hurrengo aktorea aukera­tzeko: «amarekin nengoen eta brometan esan nion, ea aurkez­tuko al nintzen. Eta bideoa egin nuen, bost minututan, pianoa jotzen eta abesten. Gero, deitu zidatenean kastina egiteko, pen­tsatu nuen, ai ama, ze liotan sartzen ari naizen. Baina esperantzarik gabe joan nintzen, eta hartu nindutela esan zidatenean, oso arraroa egin zitzaidan, ez nuen sinesten. Baina poz haun­dia hartu nuen, noski!», kontatu digu.

Teatro musikala ikasteko, bereziki prestatzen
Txikitatik daramaki musikaren munduan: lau urterekin hasi zen Hernaniko musika eskolan, musika ikasten eta abesten; eta zortzirekin hasi zen pianoa jo­tzen. Garbi zeukan, bide ho­rretatik jarraitu nahi zuela, eta antzerkia ere gustuko duenez... Bartzelonan ikasi nahi du teatro musikala, eta horretarako, bereziki prestatzen ari da, mu­si­ka, kantu eta antzerki klaseekin: «etorkizun gutxi omen dago teatro musikalean, baina nire ametsa da, eta behintzat, saiatu egin nahi dut».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!