Urtero bezala, zita jarri dute Hernaniko Udalak eta Mendiriz Mendik, herriko ibilbide sarea ezagutzen jarraitzeko. Igande honetan, etzi, ospatuko dute Hernani ezagutuz, eta aurten, Epeleko ibilbidea (PR-Gi 1002) osatuko dute.
Epeletik bertatik abiatuko dira, eta erreka ertzetatik eta basoetatik, Igorin-Akola estazio megalitikora iritsiko dira, zazpi trikuharri dauzkana: «ingurugiro eta kultura aldetik, garrantzia haundiko guneak ezagutzeko aukera bikaina izango dugu», aurreratu du Mendiriz Mendik.
Ia 9 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta hiru ordu aurreikusi dituzte horretarako. 500 metroko desnibela dauka ibilbideak, baina zailtasun berezirik ez; eta beraz, nahikoa izango da mendiko material arrunta eramatea.
Azaltzea, nahikoa
Irteera egitea doan izango da, eta ez da izena eman behar. Atsegindegin jarri dute zita, goizeko 08:30etan, eta nahikoa izango da, bertara azaltzea.
Mendian goizpasa polit bat egin nahi dutenek, beraz, Atsegindegin dauka hitzordua, Hernani ezagutzeko.