«Erretiroa hartu dut; arotza naiz ofizioz, eta hortik datorkit afizioa»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ots. 3a, 01:00

Miranda de Ebron ikusi zuen Daniel Gonzalez Cate­dianok «Goyo izenez sinatzen zuen agurea, egur tailak egiten». Horrelaxe hasi zen bera ere.
Urteetan zehar egin dituen hainbat lan Kide kafetegian ikusi daitezke, erakusketan.

Erretiratuta, ofizioa afizio
Errioxan jaio bazen ere, 45 urte dira Daniel Gonzalez Hernanin bizi dela. «Ikasketa amaierako bidaia batean etorri, eta hemen geratu nintzen!». 
Urte hauetan arotza izan da. «Carpinteria Daniel tailerra ireki nuen. Hortik datorkit afizioa. Maiatzean har­tu nuen erretiroa, eta orain, semeak jarraitzen du, beste izen batekin: Karpin aroztegia».
Hain zuzen, ofizioak la­gundu dio eskuak fintzen, afizioari heltzeko. «Lanak denbora asko kentzen zidan, baina erretiroa hartzean, zaila izaten da denbora betetzen! Ero­tu­ta nagoela esaten didate, baina polita da sormena era­bi­lita zerbait egitea. Emaz­te­ak ere, Lolak, bolilloak egiten ditu; ostegunetan Biterin, eta asteartetan, etxean, asteartetako klubean!».

«Alokairuan gaude mundu honetan, eta aurkitu genuen bezalaxe utzi behar dugu etorkizuneko belaunaldietarako»

Guztia, naturala
Pailazoaren koadroa da Gon­zalezek egin duen aurrenetakoa, baina denak ditu kuttunak. «Gustatzen zaidan argazki bat hartu, haunditu, eta egurraren gainean jarrita hasten naiz egurra lantzen. Makinek laguntzen didate, baina %80a eskuz egiten dut».
Prozesu osoa naturala dela azpimarratzen du; baita erabiltzen dituen barnizak ere. «Kimikoak ez zaizkit gusta­tzen. Ingurugiroa zaindu be­har dugu. Alokairuan gaude mun­du honetan, eta aurkitu genuen bezalaxe utzi behar dugu etorkizuneko belaunaldietarako». Horiek iritsi bitartean, ordea, berak jarraituko du, fin asko lanean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!