Mendiriz mendi
Arabara egingo du hurrengo irteera Mendiriz Mendi elkarteak. Mendi buelta, honakoa: Okongo Santutegia-San Tirso (1.333 m)-Kripan herria. Kantabriako edo Toloñoko mendizerran kokatua dago. Mendizerra honek Arabako Mendialdea eta Arabar Errioxa bereizten ditu eta bi aldeak ezagutzeko aukera izango da, Bernedotik abiatuta.
Kare-harrizko kresta ikusgarriak
Kantabriako mendizerra Arabako hego aldean dago, Errioxarekin muga egiten. Ipar aldeko isuria pagadi, harizti, artadi eta ezpelez osatua dago; hego isurian, berriz, nagusi dira artadiak. Hala ere, mendizerra hau bere kare-harrizko krestengatik bereizten da. Gehienak errazak dira, baina ia denak, denak ez esateagatik, oso ikusgarriak dira. Gorbeia kontuan hartzen ez badugu, Arabako gailur garaienak mendizerra honetan daude, hala nola: Larrasa (1.454 m) eta Palomares (1.446 m).
Bi isurien artean klima desberdina da eta hori Foehn izeneko fenomenoagatik da. Hego alderako bidean doan aire hezeak, mendizerraren ipar isuria jotzen duenean, igo egin behar du oztopoa gainditzeko, eta igotze horretan hoztu egiten da. Airea hozterakoan bere hezetasuna kondentsatu egiten da eta euria sortzen da. Beraz, airea hego isurira pasa orduko bere hezetasun gehiena galdu du eta normala izaten da hego isurian euri gutxiago egitea eta egiten duenean, kantitate gutxiago botatzea.
Okongo santutegian, erakusketa interesgarria
Okongo Andre Mariari eskainitako santutegia, baseliza izateko nahiko eraikin handia da. Bertan atsedenleku bat dago iturria eta sua egiteko erretegiekin eta nahi izanez gero, kanpaldi librea egiteko aukera dago horretarako prestatu den eremu konkretu batean. Baselizara hurbiltzen garen heinean, bere atzean, argi nabari dira San Tirso gailurra eta bera baino lehenago dagoen bonete edo tontortxo deigarri hori. Baselizaren alboan, erakusketa moduan, goldeak daude. Interesgarria da erakusketa horri unetxo bat eskaintzea lurra lantzeko zer nolako tresnak erabiltzen ziren ezagutzeko.
San Tirso, kresta erdian dagoen
gailur aereoa
San Tirso gailurra, bere alboan dagoen Peñalta gailurrarekin batera, Kantabria mendizerrako mendi alpinoena da. Kresta erdian kokatuta dagoen bere gailur aereoa oso elegantea da eta mendizerraren edertasunaz gozatzeko talaia aproposa da. San Tirsoko bidean, Bonete de San Tirso (1.283 m) izenarekin ezagutzen den monolito itxurako kareharrizko harkaitz bitxia dago. Higadurak sortutako egitura bitxi hau ere Dedo de San Tirso izenarekin ezagutzen da. Monolitoak, bere isuri guztietan, 40 metro inguruko hormak ditu. Hego aldeko horman badira ia ahaztuta dauden hainbat eskalada bide.
San Tirsoko gailurraren oinarrian, harkaitzak daukan zulo batean San Tirsoko baseliza dago. Oso txikia da, harkaitzak daukan sabaia estaltzen duen horma bat besterik ez da, baina egun heze eta haizetsuetan aterpe egokia da. Baselizatik ez oso urrun La fuente del Aguila izeneko iturri txiki eta bitxia dago. Iturrira hurbiltzeko, harkaitzak zeharkatzen, bidezidor polit bati jarraitu behar zaio. Bidean agin zahar batzuk ikusteko aukera dago. Iturritik trepada erraz baten bidez zuzenean igo liteke gailurrera, baina ohiko bidea baseliza albotik doana da.
Ibilbidearen deskribapena
Baselizara iritsi baino lehenago, aparkalekuaren sarreran, ezkerrera, kartel bat ikusiko dugu. Kartel honek hego aldera jarraitu behar dugun bidea markatzen du. Bihurgune pare bat pasa ondoren pista, basoan sartzen da. Bideak marka zuri-gorriak ditu. Igotzen hasi eta handik hamar minutura bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrera hartu behar da. Ordu erdira beste bat aurkituko dugu. Guk gora jarraituko dugu. Apur bat aurrerago eskuinera doan bidezidor bat aurkituko dugu, baina hori ez da hartu behar eta pistatik jarraitu behar da. Hemendik aurrera adi ibili behar da une batean pistak ezker aldera, Kripan aldera, egiten baitu eta, aldiz, guk eskuinera jotzen duen bidezidorra hartu behar dugu.
Basotik irten eta mendebaldera egin behar da. Berehala gara Bonetearen aurrean. Kare-harrizko tontor bitxi hau bere eskuin aldetik igaro eta Bonete de San Tirso eta gailurraren artean dagoen lepora iritsiko gara (1.245 m). Bideari jarraituz San Tirsoko baselizara iritsiko gara. Bertatik dijoan bidezidorrak gailurrean utziko gaitu.
Gailurretik bistak izugarriak dira. Ondoren atzera egingo dugu eta bonetearen atzealdean dagoen lepora bueltatuko gara, igoeran erabili dugun pistara itzuli behar dugu. Pista ezker aldera jarraituz Puerto del Palo (1.086 m) lepora iritsiko gara. Jaisten hasi eta handik gutxira, gure ezkerrera Puerto Nuevo edo Puerto Kripan lepora eramaten duen bidea agertzen da. Guk eskuinera egin behar dugu. Montorte mendiaren harkaitzen aurrean dagoen pagadi ikusgarrian sartuko gara. Bideari jarraituz Nacedero izeneko atsedenlekura iritsiko gara (830 m). Hemendik landa-pista bati jarraituz berehala gara Kripan herrian.
Datu interesgarriak
-Distantzia: 9-10 Km.
-Denbora: 3-4 ordu.
-Desnibela: 600 m gorantz; 600 m beherantz.
-Gailurrik altuena: San Tirso (1.333 m).
-Zailtasuna: San Tirsora igotzeko azken metroak nahiko aereoak dira. Zailtasun berezirik ez du, baina bertigo handia dutenentzat ez da komenigarria
-Beharrezko materiala: Mendiko ohiko material arrunta.
-Nola iritsi: N-1 errepidetik Gasteizera hurbildu. A-2124 errepidetik Gasteiz mendate aldera jo behar da. Ventas de Armentiara iritsi baino apur bat lehenago ezkerrera hartu eta Albainara doan errepidea (BU-741) jarraitu. Bajauri, Obecuri eta Navarretetik igaro ondoren Bernedora iritsiko gara. Hemen Okongo Andre Mariari eskainita dagoen baselizara doan errepidea hartu eta inguruan aparkatu.
Mendiriz Mendik martxoaren 16an egingo du irteera hau.