«Musika erakutsi baino gehiago, umeekin musika egin egiten dugu»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 8a, 01:00

.

Erretiroa hartu berri du Fernando Ederrak. Hala ere, Kantuz Musika Eskolak bizirik dirau. Bere ondoan izan du hasieratik Josune Aran­buru, eta azken honek lanean jarraitzen du gaur egun, Gema Ines, Naiara Kamio, eta Lara Mitxelenarekin batera. Fernandok berriz, ezin geldirik egon, eta laguntzen jarrai­tzen du. Gabonak gertu direla-eta, makina bat entsaio martxan dituzte dagoeneko, eta Fernandok astindu ederrak emango dizkio oraindik bere gitarrari, haurren aho­tsak zuzentzeko. 32 urte inguruko ibilbidean, Imanol Urbietaren Xi­rula Mi­ru­la proiektua mar­txan jarri eta sendotu dute Her­nanin, eta egindako lanaren fruituak na­bariak dira; txiki-txikitatik mu­sika ikasteko au­kera dute Her­naniko eskoletako haurrek, mu­sikarako afizioa gaztetatik sor­­tzen zaie, eta gerora, musikarekin ja­rrai­tzeko aukera izaten du­te. Kantuz abesbatzak ere, bere bidean segitzen du.


Zarauztik Hernanira
Imanol Urbieta zarauztarra musika pedagogia lanetan hasi zen, eta 1967an haurrekin bere lehenengo diskoa grabatu zuen. Lan horrekin jarraituz, Xirula Mirula proiektua jarri zuen martxan. Musika ondare unibertsala dela sinisten zu­en, eta eskoletan haurrei mu­si­ka ematea eta musikarekiko zaletasuna sortzea ziren bere proiektuaren helburuak, mu­si­karekin batera beste hainbat arlo landuz. Beste askoren artean, Xixupika, euskarazko haur-kanta bilduma sortu zuen, eta kantuarekin batean, jolasak eta psikomotrizitatea lantzen zituen eskoletan. Zarauzko musika eskola martxan jarri ondoren (1975), pro­iektua zabaltzeari ekin zion. Seminarioan, orduko magisterio eskolan, Xirula Mi­ru­la zer zen irakasten hasi zen. Bere ikasleak izan ziren, besteak beste, gerora Herna­niko Kantuz Musika Eskolako kide izango ziren Josune Aran­buru bera, Jaione Es­kudero, eta Karmele Azpeitia. Imanol Urbietarekin lanean hasi zi­ren hauek, lehenengo Zaraut­zen, eta gerora, Hernanin. 1980an, Juan Jose Uria Hernaniko alkatea, eta udale­txeko Kultura Saila, Imanol Urbietarekin kontaktuan jarri ziren, Xirula Mirula proiektua Hernanira ekartzeko asmoarekin. Ordurako Hernanin musika erakusten aritzen ziren Fernando Ederra, Rafa Lize­aga, Kontxi Aizarna, Joxan Urbieta, Juanma Aramendi eta Jaione Eskudero. Ipuinak, kantuak eta hainbat disko grabatzen aritzen ziren, eta zuzeneko irratsaio bat ere egiten zuten, Euskadi Irratian, astero. Udaletxeko eskariari eran­tzunez, Hernaniko eskoletako irakasleak prestatzeko ikastaroak ematen hasi ziren orduan, udaletxeko azkeneko pisuan. Udaran ere ematen zituzten ikastaro batzuk. Horrela, elkarlanean hasi ziren Imanol Urbietaren kolaboratzaileak eta Hernaniko musika irakasleak; besteak beste, Fernando Ederra, Josune Aranburu, Karmele Azpeitia, Jaione Eskudero, Joxan Urbieta, Rafa Lizeaga eta Marisol Ruiz.


Musika, eskoletara
«Irakasleak prestatzen hasi baginen ere, irakasleek eska­tzen ziguten gu geu joatea eskoletara, musika erakustera». Horrela azaltzen du Jo­sune Aizpuruk, eskoletan mu­sika erakusten hasi zirenekoa. 1980 urte hartan Langile Ikastolan, Gay Murren eta Santa Barbaran, orduko eskola publikoan, hasi ziren musika klaseak ematen. 1988tik aurrera, Urumea Ikastolan, Elizatxo Ikastolan eta Inma­kulada ikastetxean ere hasi ziren. «Musika lantzen lehen hezkuntzan hasi ginen, baina Zarautzeko esperientzia kontuan hartuta, haur hezkun­tzan hastea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun, eta hala hasi ginen, gure borondatez, txiki-txikitatik musika erakusten», dio Aizpuruk. «Udale­txea horretaz konturatu zen, eta eskaintza egin zigun, haur hezkuntzan hasi eta 8garren mailara arte, eskoletan musika emateko». 1984an berriz, Xirula Mirula Musika Eskola zabaldu zuen Imanol Urbietak Donostian, eta Hernaniko irakasleetako batzuk hara joan ziren. Hala, Hernanin geratu ziren Fernando Ederra, Jo­sune Aranburu, Jaione Esku­de­ro, eta Karmele Azpeitia. Taldean sartu zen baita ere, Susi Elosegi hernaniarra, he­rriko musika eskolan ikasia.


«Afizioa sortzea, garrantzitsuena»
Imanol Urbietak martxan jarritako proiektuaren helburuak argi dituzte, bai Josunek eta baita Fernandok ere. Musikarekin batera, psikomotrizitatea, erritmoa, gorputz adierazkortasuna... lan­tzen dira. Proiektu pedagogiko osoa da, eta musikaren bitartez, laguntzen da beste ikasgai batzuk barneratzen: matematika, hizkuntzak, historia... «Herriko historia eta ohituren transmisio kulturala ere txertatuta daude proiektuan», diote bi irakasleek, «euskal kultura eta euskararen transmisioa garrantzi­tsuak dira. Ez da kasualitatea, adibidez, Azeri Dantzan, horrenbeste jendek parte hartzea. Kalde­reroak ere desagertzeko zo­rian egon ziren. Baina eskoletan landuta, bul­tzada eman zitzaien festa hauei ere». Ikasteko prozesua ere ez da ohikoa: «gure helburua musikarako afizioa sortzea da. Musika erakutsi baino gehiago, umeekin musika egin egiten dugu. Haurrekin egin behar da musika, beren erritmora. Alferrikakoa da urteko plan bat egitea, gela ezagutu gabe. Gela bakoitzaren beharretara moldatutako plana egin behar da. Lantzeko milaka gauza daude! Gainera, ipuinak, kantuak, antzerkia.... denetik erabiltzen dugu. Ge­ro, lehenengo mailan, musikako lehenengo oinarriak ikasten dituzte, jolasekin». Ziur hernaniar askok gogoan dituztela orduan ikasitakoak: musika ikasten ari gera, musika denok bat batera. Bost marra: pentagrama! Aurretik: SOLen ikurra! Ondoren: biko neurria! Eta gero, notak hasten dira... «Horrela, musikarako afizioa sortzen da, eta ondoren, Musika Eskola Publikora edo Kon­tser­batoriora joaten de­nak, badaki nora eta zertara doan». Imanol Urbietak proiektua Hernaniko udaletxean aurkeztu zuenean erakutsitako datuak ere gogoan dituzte: «garai hartan, Urbietak ederki azaldu zuen zergatik zen garrantzitsua musika txiki-txikitatik lantzea. Kontser­ba­torioan ikasten zenbat jende hasten zen, eta zenbatek bukatzen zuten ikusita, po­rrota nabarmena zen. Eskolan landuta, aldea nabaria da».


Eskoletatik kanpo ere, beti lanean
Herriko eskoletan musika irakasteaz gain, gitarra, txistua eta abesbatza klaseak ematen zituzten, Paradorren lehenengo, eta Aristizabal kaleko lokaletan gero, gaur egunera arte. «Gitarra ikasten beti jende dezente izan dugu», dio Fernando Ederrak, «eta gaur egun gitarra erakusten jarrai­tzen dugu. Txistua berriz, hastapeneko mailan erakusten genuen, eta Musika Eskola Publikoan ematen jarraitzen da orain». Abesbatzarekin ordea, bestelako kontu bat pasa zen.


Kantuz abesbatzaren sorrera
«Abesbatzan 12-14 urte bitarteko gaztetxoak izaten genituen», gogoratzen du Josune Aizpuruk, «baina ez zuen funtzionatzen; batzuetan etor­tzen ziren, besteetan ez. Ho­rre­gatik pentsatu genuen abes­batza herrikoi baten beharra zegoela; Hernanin sortu, bere ibilbidea egin eta bertako jendeak zuzenduko zuena. Izan ere, garai hartan parrokiko abesbatza besterik ez zegoen». Horrela, 1989 urte inguruan, egunkarietan iragarkiak jarri zituzten, abesbatzarako par­­taide eske. «Kalez kale ere ibili ginen, jendea anima­tzen», dio Fernando Ederrak. Aizpuruk berriz, jendearen erantzuna du gogoan: «sorpresa haundia izan zen, 100 pertsona inguru animatu zi­ren abesbatzan parte hartzera! Horrela sortu zen Kantuz abesbatza, eta bide batez, or­duko alkate Agustin Ez­pon­dak Kantuz elkartea sor­tzeko proposamena egin zi­gun. Herri honetako udale­txe­aren laguntzarik gabe ez zen Musika Eskola honen proiektua horren urrun iritsiko». Garai hartan barre asko egiten zutela diote biek: «Santa Ageda bezpera batean egin genuen Kantuz abesba­tzaren lehenenego emanaldia. Primeran pasa genuen! Makilarekin erritmoa jarrai­tzeko gauza ere ez ziren izaten batzuk! Belarrietan klinexak jarrita ibiltzen ginen! Hor agerian geratzen zen nolako garrantzia haundia zuen eskoletan musika irakasteak». Ordutik urte dezente pasa dira. Kantuz abesbatzak en­tsaiatzen jarraitu zuen, eta jendaurrean egin zuen lehenengo emanaldi ofiziala 1990eko San Juan bezperan egin zuen. Jaione Eskudero izan zen lehenengo zuzendaria (gerora, Arantxa Asti­garraga, Javier Zubimendi, Amaia Sasiain eta gaur egun, Igor Arroyo izan dira zuzendariak). Sandius­terri lepo bete zen Kantuz abesbatza ezagutzeko.


Amaierarik gabeko pentagrama
Kantuz Musika Eskolako lan-taldea aldatu egin da, urteetan zehar. Dagoeneko taldea utzi dute hasieran lanean ibilitako Jaione Eskuderok, Susi Elosegik edota Karmele Az­peitiak. Fernando Ede­rrak eta Josune Aizpuruk aurrera egin zuten Saioa Irizarri, Maialen Belategi (beren ikaslea izandakoa), Aitziber Etxarri edota Arantxa Ansarekin. Orain berriz, Fernando Ede­rra erretiratuta, Josune Aiz­puru da hasierako ibilbideari jarraipena ematen diona, Lara Mitxelena, Gema Ines eta Naiara Kamiorekin. Orain­goz, ez dira ageri doinua etengo duten bi marrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!