Idazteko garaian zer ikusi du erritmoak? Zer da erritmoa, Jexux?
Erritmoa da, jendea ez aspertzeko moduan idaztea. Erritmoz idatzi behar da, jendeak ez lo hartzeko; gozo-gozo egoteko. Kontalari jende bat izaten da, publikoa gozo-gozo edukitzen duena, hizketan hasten denero. Kazetariak zergatik ez dio kopiatzen kontalari horiei? Nire ustez, jende horrek badu konpas bat, neurri bat, hitz egiteko. Kazetariak ibili beharko luke, kontalari egokiaren erritmoaren bila.
Kontalari egokiak zein dira ba?
Gure bailaran, beste askotan bezala, badira kontalari egoki-egokiak; ez dago urrutira joan beharrik.
Herriko jendearen adibideak azaltzen dira liburuan: Xanti Lujanbio ‘Frailia’, Luis Marko, Iñaki Segurola, Antton Adarraga, Juan Antonio Erdozia ‘Patas’, Jon Larrañaga, Karmen Urdangarin, Sebastian Salaberria...
Bai. Eta gehiago esango dizut: liburu honetan neretik oso gutxi dago. Adibide guztiak dira, bati kalean entzundako pasadizoa, okindegian entzundako esana, azokan entzundako hitza...
Badago adibide bat Bautista Goikoetxearena: «Aurten ez da izan sagarrik; lorea erakutsi zuen, baina eguraldiak bota egin zion». Zuk diozu, hori poesia ere badela.
Horixe! Uste ustela da, poeta jende bitxia dela, marfilezko torrean ateak itxita bizi dena. Poesia kalean egon liteke; Nere Borda parkeko bankuan gazte batek idatzia; esaldi txiki bat izan liteke poesia... eta Goikoetxearena da, oso poesia fina! Liburu honetan badira horrelako ziento bat esaldi.
Aurkezpenean adibide batean aipatzen zenuten Xabier Lete, eta bere kantu bat: ‘Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea’
Bai. Hitzak ordenatzeko moduari buruz ari gara. Alegia, Xabier Letek hor segida bat egiten du, eta beti aipatzen du: ni naiz.... ni naiz... ni naiz... Alegia, hiztunak edo kontalariak egiten duen moduan. Baina gaur egun, hori idazten hasiko bagina, idatziko genuke: ni erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea naiz. Zergatik era batera esan, eta bestera idatzi?
Hernaniko euskalkian idatzi behar dela esan nahi al du horrek?
Ez du hori esan nahi. Hernaniko Kronikak euskera batua erabiltzen du. Baina saiatzen da euskal-hiztunen musika berdina jotzen, ulertzen? Ez da y jarri edo ez jarri (edariya, gorriya, egarriya...). Ez da hori; baizik eta da, esamoldeak nola egin, hitzak nola ordenatu, hitz errazak erabili... euskaldun batek Kronika hartzen duenean pentsatu behar du: «hauek guk bezala hitz egiten ditek».
Zer irizten diozu, euskerazko
testuak ez direla idazten
ulertzeko moduan?
Ni konturatzen naiz, irakurleak abandonatu egiten duela askotan, kosta egiten zaiolako testuari jarraitzen, edo aspertu egiten delako, edo testu hori ez duelako identifikatzen bere hizkuntzarekin. Nik pentsatzen dut: hor arazoa zeinena da, idazten duenarena, edo irakurtzen duenarena? Arazoa da, idazten duenarena. Ez ahaztu, kazetariak beti izan behar duela buruan zeini idazten ari zaion.
Eta Kronikak lortzen al du zuk diozun erritmo hori?
Saiatu behintzat horretantxe egiten da, hasiera hasieratik; hori da interesgarria. Adibideak ia denak dira Kronikan noizbait atera direnak. Nik uste dut bide hori urratu behar lukeela Kronikak. Baina hori da Kronikak bere buruarentzat hartu duen erabakia. Eta Besteentzat ere baliogarria bada, askoz hobe.
Zenbat denbora pasa duzue
liburu hau egiten?
Bi urte pasa ditut idazten. Garbi geneukan Kronikak bere buruari zor ziola euskerarekin egindako ahalegin hori idaztea, paperean jartzea. Baina zerbait berria ere eman nahi genion kazetari jendeari. Denbora asko pasa dut adibideak topatzen: Kronikak irakurri, titularrak behin eta berriz errepasatu, ahozko grabazioak entzun... Eta beste batzuk erritmoari buruz zer idatzi duten begiratu: Italo Calvino, Alex Grijelmo, Julio Cortazar, Will Eisner, Antonio Zavala...
Hemendik aurrera zer deitu behar dizugu, ‘Jexux, erritmo saltzailea’?
Ez da titulo txarra. Saldu, liburua salduko bagenu, nigatik konforme. Egia esan behar badizut, hasiera ona eman diogu, garaiz bada ere ezer baloratzeko. Aurkezpen egunean oso ondo saldu zen, eta geroztik dei batzuk izan dira Dobera Euskara Elkartean eta Hernaniko Kronikan.
Beste leku batzutan ere aurkeztu nahiko genuke liburua, eta Kronika eta Dobera gain, liburu denda batzuetan ere jarriko dugu salgai, Donostian eta Hernanin.