Datorren astean izango den Bakailao Astearen barruan, besteak beste, Bakailaoa pil-pil erara lehiaketa antolatu dute. Urriaren 28an izango da, goizeko 11:00etatik 12:30etara, Atsegindegi plazan. Lehiaketan, bi pertsonek osatutako taldeek hartuko dute parte, hau da, bikoteka izango da. Nahi izanez gero, elkarte gastronomiko bat ordezkatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Izen ematea dohainik da. Hori bai, epea 25 bikotek izena ematerakoan itxiko da. Beranduenez, urriaren 26an, ostiralean eman daiteke izena, eguerdiko 13:00ak arte.
Bakailaoa, antolatzaileek emandakoa
Bakailaoa prestatzeko antolatzaileek emango dizkiete hainbat osagai lehiakideei. Honako osagaiak jarriko dituzte euren esku: 2 kilo bakailao, Lizartza Selekziokoa (ezingo da beste bakailaorik prestatu), mahaia (2x0,80 m), egurrezko ohola (40x40cm) eta mantala.
Bakailaoa pil-pil eran prestatzeko beste osagaiak, sua, kazola... partaideek eraman beharko dituzte.
Ondoren, pintxotan
probatzeko aukera
Parte hartzaileek prestatutako bakailaoa antolakuntzaren esku geratuko da lehiaketa amaitzean eta pintxoetan banatuko da festara hurbiltzen direnen artean jateko. Pintxoak dohainik banatuko dituzte.
Bitartean ere,
pintxoak eta sagardoa
Lehiaketak irauten duen bitartean, Hernaniko 9 sagardotegitako sagardoak eta lau elkartek prestatutako bakailao pintxoak probatzeko aukera izango da. Sagardotegiak honakoak izango dira: Altzueta, Iparragirre, Akarregi, Otsua-enea, Larregain, Rufino, Olaizola, Itxasburu eta Zelaia. Elkarteak berriz: Elizatxo, Santa Barbara, Lagun Artea eta Xalaparta.
Hiru onenentzako saria,
eta zozketa denen artean
Lehiaketan, hiru hoberenak izango dira sarituak eta epai-mahaikideek hartutako erabakia apelaezina izango da. Sari banaketa egiteko orduan saridunak edo beraien ordezkariren bat bertan egongo ez balitz, sariari uko egin diotela ulertuko da eta ez da saririk banatuko.
Bestalde, lehiaketan parte hartzen dutenen artean 2 pertsonentzat afaria zozketatuko da Hernaniko Fagollaga jatetxean.
Izena emateko,
hainbat aukera
Esan bezala, izena datorren ostirala baino lehen eman behar da. Horretarako, hainbat modu daude: bakailaoastea@gmail.com helbidera mezu bat bidalita edo telefono hauetara deituta: 943 33 70 28 edo 943 33 70 10.
Eman beharreko datuak: izen-abizenak, telefono zenbakia, e-posta, herria, eta elkarte gastronomikoa ordezkatuz gero, elkartearen izena.
EGITARAUA
URRIAK 22, ASTELEHENA:
19:00etan, Bakailaoaz gozatzen: sagardo eta bakailao dastaketa eta show coocking (bakailaoarekin), Basque Culinary Centerren.
URRIAK 23, ASTEARTEA:
19:00etan, Mahaingurua Hernaniko Biteri kultur etxean.
‘Zentzumen eta Sensibilitatea. Aztertu, ohartu, sentitu eta
hunkitu: sagardotegiko menua’.
Dr. Iñaki Alava (BCC. Basque Culinary Center): ‘Cata hedonista y percepción, cómo disfrutar en la sidreria’
Dr. Iñaki Etaio (LASEHU. Laboratorio Analisis Sensorial Euskal Herriko Unibertsitatea): ‘Zentzumenen bidezko kalitatearen kontrola kalitate bereizituko produktuetan: Idiazabal gaztaren
eta txahala haragiaren adibideak’.
URRIAK 28, IGANDEA:
10:00etatik 14:00etara, Azoka berezia: bakailaoarekin lotura duten produktuak. Hernaniko Urbieta
kalean.
11:00etan, Festa Atsegindegin. Lehiaketa: Bakailaoa pil-pil eran lehiaketa, sari banaketa, bakailao pintxoez eta sagardoaz gozatzeko aukera...
12:00etatik 13:00etara, Bertso saioa Hernaniko ikastetxeetako eta Bertso eskolako ikasleekin, Atsegindegin.
Goizean zehar, NABARRHERRI ekimena: Plaza Berrin.