san Joan Txikiak hemen dira. Marrazki-zaleren batzuk aurreratuko dira goizean, baina jaiei hasiera ofiziala eguerdian emango zaie, 12:00ak aldera txupinazoa, buruhaundiak eta txistulariekin. Protagonismoa hartuko du musikak aurtengo Portuko jaietan. Kontzertuak gaur eta kontzertuak bihar, jende asko ekarriko dute aurten ere Portura. Horrez gain, ordea, urteroko ekintzak ez dira faltako: lorontzi lehiaketa eta sardin jatea gaur, pailazoak eta Asto Karrera bihar...
Hernaniko musika doinuak
Protagonismoa izango dute, bai, musikak eta Hernanik. Gaur eta biharko kontzertuetan hernaniarrak izango dira denak: Pandemia, BeHatxeRoja eta The Zepo ariko dira gaur, 23:00etatik aurrera: metala, rock berria eta rock klasikoa, gaur Portun. The Zepo taldeak gainera, disko berria dauka eskuartean, Otra Noche, eta Errioxako sariketa bat irabazita dator, Los viernes de Ervias, hain zuzen. Portu Festa ikaragarria 2x1, halaxe deitu diote biharko jaiari. Afal ostean, 22:30etatik 00:00etara giro berezia jarriko du auzoko DJ batek, eta tarte horretan, bi zerbeza emango dituzte, baten prezioan, txosnan. Ordu eta erdiko festa pasata, dantzaldia dute, Laiotzekin. Eta igandean, festa bukaera Laket-ek emango dio. Batuka, Funky eta Sabel Dantza ere izango dira igandean, Ainara eta Dilshad dantza taldeen eskutik. Eta txistulariak ere izango dira, gaur eguerdian, eta igande goizean.
Lorontzirik ederrena, lorontziz betetako auzoan
Portuko balkoiak ez dira nolanahi apainduak egoten. Kolore eta usai guzti horien artean, ordea, bat aukeratu behar dute epaileek eta hori ez da lan xamurra izango, gaur, Lorontzi lehiaketan. 18:00etan hasiko dira auzotarrak loreak kalera ateratzen, lehiarako.
Jan faltarik ez, eta ezta edanik ere Portuko jaietan
Sardin jatea gaur eta sagardo probaketa igandean. Horiek dira azken urteetan falta ez diren bi ekitaldi, sekulako giroa jartzen dutenak auzoan. Gaurko sardin-jatea Zinkoenea Ardoak babesten du, eta hogeita bi urte badira, egiten dela. Sagardo probaketan, igandean, 12 sagardotegi izango dira Portun: Altzueta, Oialume-Zar eta Olaizola, eta Sagardogile Elkartean dauden: Akarregi, Alberro, Elorrabi, Eula, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea eta Rufino. Goiztiar dabiltzanek ere izango dute aukera, tripa bero bero egiteko: batxuri-zopa dute larunbatean, eta txokolatada igandean, 08:30etan.
Goenatxo beteranoa harriarekin, eta Mugertza gaztea aizkoran
Herri kirol zaleek igandea dute euren eguna, aizkolari eta harri jasotzaileak ariko baitira bertan. Ez nolanahikoak ere: Goenatxo beteranoa ariko da harri jasotzen, hainbat aldiz Euskal Herriko txapeldun izana harri haundietan, eta oraindik ere Igeldoko Harriaren errekorra daukana, Donostian. Aizkoran berriz, etorkizuna ikusteko aukera dute Portura jaisten direnek: Mugertza eta Saralegi gazteak ariko dira, zein baino zein. Azkenik, Joxe Mari Esnaolak alturan moztuko du tronkoa, lurretik 5 metrora.
Pelota eta bertsolariak
Klasiko bat bihurtzen ari dena, Ojuel eta Alvarezen arteko pelota partidua. Auzo atzeko frontoi txikian ariko dira biak, kaiolan; Ojuel iazko txapelari eutsi asmoz, eta Alvarez lagunari txapela burutik kendu asmoz. Igandean, 11:30etatik aurrera. Eta ondoren, beti bezala, eta hutsik egin gabe: bertsoak, Hernaniko bertso eskolako kideen eskutik.
Asto Karrera, urteroko espektakulua
1951 urtean egin zen Asto Karrera Portun, hori jakina da. Izan ere, aurten 61garren aldia da zazpi astoren gainean auzoari bueltako ibiliko direla. Auzoko animatuenak igoko dira pizti gainera, eta sekulako jendetza, sekulakoa, ikustera. Larunbatean izango da hori, 18:00etan.
Portuko jaiak - 24tik 26ra
Abuztuak 24, gaur
10:00: Marrazki eta pintura lehiaketa.
11:00-13:30: Haurren Parkinga: Puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia, olla.
12:00: Jaien hasiera. Suziri jaurtiketa. Buruhaundi eta txistularien irteera auzoko txoko guztietan alaitasuna zabalduz.
13:00: Auzoko gazteek egindako marrazki erakusketa.
16:00-19:00: Haurren Parkinga.
17:00: Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoa, lokotxak, ura eta hirinaren jokoa, eta abar.
18:00: Lorontzi lehiaketa.
20:30: XXII. Sardin jate herrikoia. Zinkoenea ardoak babestua.
23:00: Kontzertu ikaragarria:
-Pandemia
-BeHatxeRoja
-The Zepo
Abuztuak 25, bihar
08:00: Egunsentia, Suziri jaurtiketa.
08:30: Batxuri-Zopa goiztiarrentzat.
11:30: Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoa, lokotxak, ura eta hirinaren jokoa, eta abar.
13:00: Zinta lasterketa izugarrizko opariekin.
Jarraian, Tiro karabina txapelketa.
16:00: Mus txapelketa ‘Pedro Mari’ tabernan.
Ordu berean, Altxor bila.
18:00: LXI. Asto Lasterketa. Red Electricak babestua.
19:00: ‘Patxin eta Potxin’ pailazoen ikuskizuna.
Jarraian, denak afaltzera gauerako indarrak hartzeko.
22:30-00:00: ‘Portu Festa’ ikaragarria 2 x 1.
Jarraian, dantzaldia Laiotz musika taldearekin.
Abuztuak 26, igandean
08:00: Egunsentia, Suziri jaurtiketa.
08:30: Txokolatada goiztiarrentzat.
09:30: Diana txistulariekin.
11:00: Meza auzoko hildakoenalde.
Jarraian, Tiro karabina txapelketa.
11:30: Pelota partidu interesgarria: Paul Ojuel (auzoko txapelduna), Unai Alvarezen kontra.
12:00: Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.
12:30: Sagardo probaketa, trikitilariek alaituta (Itxaso, Maialen eta Uxue). Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, eta Sagardogileen Elkartean sartuta daudenak: Akarregi, Alberro, Elorrabi, Eula, Iparragirre, Artola, Itsasburu, Otsua-Enea, eta Rufino.
13:00: XXXVII. Toka eta Bote txapelketa.
14:30: Bazkaria.
18:00: Ainara dantza eskola eta Dilshad dantza taldearen eskutik Batuka, Funky eta Sabel Dantza.
19:00: Herri Kirolak: Aratz Mugerza eta Ruben Saralegi aizkolari gazteak zein baino zein. Goenatxo harrijasotzailearen erakustaldia. Joxe Mari Esnaola aizkolari 5mko altueran.
Jarraian, ‘Laket’-ekin dantzaldia.
00:00: Jaien amaiera ‘Laket’-ekin: zezen-suzkoa eta azken traka.