Garayarko autobusak gauez ibiliko dira berriro, enpresak eta langileek akordioa sinatuta

Kronika - Erredakzioa 2012ko abu. 3a, 02:00

Akordio batera iritsi dira Garayarko enpresa eta langileak eta gaurtik aurrera autobus urdinak ibiliko dira gauez, ostiral eta larunbatetan. Otsailaren 25ean erabaki zuten langileek gaueko zerbitzua ez egitea, «arrisku egoerak sortzen zirelako, eta lan egiteko baldintza egokirik ez zelako», eta geroztik ez da izan Garayarko autobusik, ostiral eta larunbat gauetan.

Geldirik, otsailaren 25etik
Txotx denboraldian erabaki zuten Garayarko langileek gaueko zerbitzurik ez ematea. Hasieran greba egitekoak ziren otsailaren 25etik apirilaren 28ra. Gero, luzatzea erabaki zuten greba hori, eta azkenean uztailaren bukaera arte luzatu dute. Langileen ordezkariek Kro­ni­kari jakinarazi diotenez, akordio batera iritsi dira, «es­ka­tzen zen guztia lortu ez bada ere». Batez ere, txotx denboraldian arazoak sortzen omen zirelako erabaki zuten langileek gaueko zerbitzurik ez egitea. Dena dela, garbi utzi zuten hasieratik, gaueko zerbitzua ematen zuten guztietan sortzen zirela arazoak, eta txotx denboraldiak haunditu egiten zituela. Horregatik, arazoei erremediorik ez omen zitzaielako bilatu, txotx denboraldia bukatu eta gero ere jarraitu egin zuten grebarekin. Atzo arte. Garayar enpresak jakina­razi duenez, eskatutako guztia ematea ez da posible enpresaren aldetik, beren konpeten­tziatik kanpoko gauzak direlako. Gainerakoan, en­presak ahal duen guztia egiten duela dio, arrisku aldetik baldintza ahalik eta egokienak izateko: «adibidez, bideo bi­gi­lantzia jartzen lehendabizikoak izan ginen gu. Beste zenbait gauza ordea, guk ezin ditugu egin».

Urte guztian larunbatez, udan ostiral eta larunbatez
2002tik, gaueko autobusak (G4) bi egunetan izaten dira udaran, ostiral eta larunbatez. Urritik aurrera, eta uztaila arte, larunbatean bakarrik izaten dira; ostiraletan ez. Gaur eta bihar gauez, orduro autobusak aterako dira Ur­nie­tatik, 23:00etan hasita, 06:00ak arte. Do­nos­tiatik ere orduro, 23:30etan hasita, 06:30ak arte.


Gaueko ordutegia

ostiral eta larunbat

Urnietatik: 

23:00-00:00-01:00-02:00-03:00-04:00-05:00-06:00

Donostitik (Okendo): 

23:30-00:30-01:30-02:30-03:30-04:30-05:30-06:30

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!