Orain gutxi gaixo larrien zerrendan zure izena gehitu dute. Zer da zuretzat zerrenda horretan egotea?
Espetxeko egunerokotasunean ez du zuzenki ez zeharka eragiten, baina kalera begira barruan bizi dugun errealitatea salatzeko tresna da. Izen abizenak jartzen zaizkie arazo bat duten kideei, baina kaleko jendeak ulertzea gustatuko litzaidakeena da, kide horietaz aparte, dozenaka direla baldintzarik gogorrenetan dauden euskal preso politikoak; urte luzez erabat isolaturik, gaixo baina diagnostikorik gabe, urtetan senideak ikusteko aukerarik gabe, mehatxatuak, kondena beteta bahiturik jarraitzen dutenak, jipoituak… Zerrendak errealitate horren zatitxo bat islatzen du soilik.
Etxetik urrun ari zara egoera hau bizitzen… Nola bizi duzu?
Txantajea da espainiar eta frantziar estatuek preso politikoekiko duten politikaren ardatzetako bat. Dozenaka espetxetan sakabanaturik, espetxe bakoitzean ere moduluka, elkar ikusteko aukerarik gabe, telefono dei, bisita eta gutunak kontrolatuak, zentsuratuak… gainerako kideengandik isolatzen gaituzte babestuak senti ez gaitezen, presiorik egin ez dezagun, norbera izan dadin bere arazoa konpondu behar duena. Egoera horretan oso erraza zaie txantajea egitea, inplizituki ala esplizituki onurak eskaintzea euren mesedetan zerbait eginez gero. Presoon egoera orduan eta gogorragoa izan, are eta errazago.
Minbizia baduzu eta kimioterapia egitera ospitalera atera behar baduzu hamaika oztopo jar diezazkizukete. Ebakuntza baten zain hiru urtetik gora eman ditzakezu. Hogeita bost urtez espetxean eta infartu bat izan baduzu baldintza berberetan edukiko zaituzte. Tratamendua jarraitzeko oztopoak, espezialistara irteteko urtetako itxaron zerrenda… Euskal preso politikoon kasuan argi dago Euskal Herrian egonik askoz zailagoa izango litzaiekeela txantajea modu hauekin jarraitzea. Batez ere hori eragiten du hain urrun egoteak, inpunitatea eta txantajea etxetik espetxerako distantziaren adinakoa delako.
Noiz izan zenuen
gaixotasunaren berri?
Gaztetatik izan ditut arazoak artikulazio askotan, eta arazo horiek areagotu egin zitzaizkidan espetxean. Barruan hiru urte eskas neramatzanean Alcala Mecoko mediku berri bat izan zen nire min eta lesio guztiek zerikusia zutela susmatzen lehenengoa. Almeriara ekarri eta hilabete batzuetara baieztatu zidan hipotesi hori erreumatologo batek. Alde batetik nolabaiteko `poza´ sentitu nuen hainbeste galderei erantzun logiko bat aurkitu nielako behingoz. Baina, batez ere, kezka sortu zidan diagnostikoak, degeneratiboa zela esan zidatelako eta hobetzeko itxaropenik ere eman ez zidatelako.
Egunerokotasunean nolakoa da zure bizitza?
Preso bakoitzak ahal duen moduan bizi du espetxealdia, baina orokorrean diziplina bat ezartzea da onena. Preso politikoon kasuan ordu asko ematen ditugu ziegan bakarrik eta garrantzitsua da eguna antolazea: idatzi, irakurri, ikasi, eskulanak egin, kirola… Nire kasuan hilabeteak pasa ditzaket kirolik egin gabe, luzaroan eserita egon ezinik, etzanda ordu gehiegi… eta horrek asko baldintzatzen nau egunerokotasunean. Boladak izan ditut orain arte, batzuk hobeak eta beste batzuk ez hainbeste. Bolada onean banago, min gutxiagorekin, kirol apur bat egin badezaket, lasai ikasi, idatzi… orduan primeran, animoz topera eta gogotsu ibiltzen naiz.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Gaixotasun berbera edo antzekoa duten lagun batzuek bizimodu normala daramate kalean, kontrolpean dute edo lortzen dute behintzat egunerokotasuna hainbeste ez baldintzatzea. Nik haien gomendioak zorrotz jarraitzen ditut eta ahaleginak eta bi egiten ditut ahalik eta ongien egoteko nahiz eta espetxeak ez dituen erraztasunak jartzen. Nire erronka etorkizunean gaixotasuna kontrolpean izatea da.