Juan Galdeano hernaniarra omenduko dute gaur, Zegamako Erlezain Egunean

Kronika - Erredakzioa 2012ko api. 1a, 02:00

Erlezain beteranoak omentzen dituzte urtero Zegaman, Erlezain Egunean eta aurten Pikoaga baserriko (Pagoaga auzoa) Juan Galdeano erlezaina omenduko dute. Goizetik illunabarreraino izango dira ekintzak eta tartean, Gipuzkoako XIVgarren Ezti Lehiaketa.

Erlezain Eguna izango da gaur Zegaman eta bertan Juan Galdeano hernaniarra omenduko dute. Urtero omentzen dituzte 80 urte betetzen dituzten erlezainak eta Galdeanok Kronikari azaldu dio sorpresaz hartu duela, izan ere, datorren urtean betetzen ditu Galdeanok 80 urte. «Deitu zidaten esanez inor ez zutela. Badira pare bat erlezain, baina ez daude hara joateko moduan eta ni omentzea pentsatu zutela esan zidaten. Ez nuen espero. Datorren urtean agian bai, baina aurten ez. Egia esan, gustora hartu dut», dio. Egun osoko festa izango da gaur Zegaman eta bertan ibiliko da Galdeano. «Urtero joan izan gara, ondo baldin baginen behintzat, eta aurten ere han ibiliko gara goizetik».


Ezti Lehiaketan hirugarren postua lortutakoa
Txistulariak, gozoak, kandela tailerra, ezti probaketa, bertsolariak... Ekintza mordoa izango da gaur, egun osoan zehar eta tartean, Gipuzkoako XIVgarren Ezti Lehiaketa. Parte hartuko duen galdetuta, parte har­tzeko, aurrena, eskualdeetako txapelketetan saritua izan behar dela azaldu du Pagoagako erlezainak. «Zazpi eskualdetan egiten dira txapelketak eta eskualde bakoitzean aukeratzen diren hiru aurrenekoak joaten dira Zegamara. Han, guztien artetik hiru aukera­tzen dituzte». Hiruzpalau aldiz parte hartu izan duela azaldu du, eta parte hartu bakarrik ez, hirugarren postua lortu izan duela. Eta ondoren, Usurbilgo Erle Eguneko lehiaketan eta Donostiako Santo Tomas egunekoan bigarren postua.


Ezti ona, inguru horretan
Lehiaketetan, eztiaren kalitateari bakarrik ez, itxurari eta garbitasunari ere asko begiratzen diote. Horren adibide da Galdeanori gertatutakoa. «Akaziaren ezti argi argia aurkeztu nuen. Xakar txiki-txiki bat ikusten zen eta deskalifikatuta geratu zen horregatik. Beti esan izan didate ezti oso ona daukadala, baina badira kontuan hartu beharreko beste gauzak ere». Eta gaineratu du inguru ona dela, asko izan direlako bertan sariren bat edo beste lortu duten erlezainak. Galdeanok hiru tokitan banatuta dauzka erleak. Hiru bat kaja etxean dauzka eta gehienak Pagoagaren beste aldean. Dozenatik gora kaja dauzka bertan.


Txikitatik erleekin tratuan
Galdeano txikitatik ibili izan da erleekin. «Gure aita zenak ere izaten zituen eta mutikozkorra nintzenetik ibili naiz erleekin. Kontuan izan lehen azukrerik ez zela izaten etxeetan eta eztia aprobetxatzen zela. Erleak etxe guztietan zeuden. Sinbolo ziren». Gerora, denboraldi batez utzi egin behar izan zituen: «lan askorekin nenbilen eta ezin ailegatu. Lagun bati eman nizkion. Gero berriz tentazioa sartu zitzaidan eta berriro jarri nituen». Eztia berriz, urtetan saldu izan dute Bretxako postuan. Galdeanoren emaztea ibili izan da zeregin horretan. 58 urte egin ditu Bretxara lanera joanez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!