Josune Bereziartuk irekita hasiko da igandean Hernaniko txotx denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2012ko urt. 16a, 01:00
hernaniko Sagardo Den­boraldia igande eguerditik aurrera izango da ofizialki zabalik. Josune Bereziartu eskalatzaile haundia aukeratu du aurten Txotx Batzordeak aurreneko sagardo kolpea emateko. Eguer­diko 12:00etan egingo du txotx Bereziartuk, hernaniar asko testigu dituela. Ondoren, nahi duen guztiak izango du kupeletara gerturatu, eta sagardo berria probatzeko aukera. 

Eskalaitzaileen artean erreferentea, mundu mailan
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Txotx Batzordeak pertsona edo talde bat aukeratzen du denboraldia ireki­tzeko, eta aurten, Josune Bereziartu hautatu dute egun seinalaturako. Azaldu dutenez, asko dira Bereziartu aukeratzearen arrazoiak. Horien artean bat  da, Bereziartu emakume eskala­tzaileen artean erreferentea dela, mundu mailan: «urte guzti hauetan, munduko eskalatzaile onenetako bat bihurtu da Bereziartu. Hernaniko sagardoa maila hori bera lortzeko bidetik jarraitzea nahi dugu».

Eguerdian, festa
Sagardoaren festa hastera doala abisatzeaz arduratuko dira trikitilariak igande goizean. 11:00etatik aurrera Hernaniko kaleak girotzen ibiliko dira. Eguneko mo­mentu nagusia, 12:00etan izango da, denboraldia za­baltzen denean; eta handik aurrera, erabatekoa izango da festa. Txalapartariak jarriko dute doinua, eta aizkolari eta harrijasotzaileak sasoia eta indarra. 13:00etan hasita, herri kirol saioa izango da Plazan. Aizkorarekin, Ugaitz Mugerza ariko da. Eta harria jasotzen, Iñaki Perurena haundia.

Apirilera bitartean, ekitaldi ugari
Txotx denboraldia igandean hasi, eta apirileko azken egunera arte luzatuko da. Tarte horretan, sagardoa eta sagardotekiak izango dira protagonista, zalantzarik gabe. Hernaniko Udalak ordea, beste hainbat ekitaldi antolatzen ditu, denboraldiaren bueltan: antzerkiak, kontzertuak, kirola... Horiek guztien artean bada bat, urtetik urtera indar gehiago hartzen ari dena: Sagar Lasterra. Otsai­laren 25ean egingo da aurten; beraz, parte hartu nahi dutenek badute entrenatzen hasteko garaia. 
Gainerako ekitaldiei da­gokienean, Udala lanean ari da egitaraua zehazteko, eta Hernaniko Kronikak igandeko edizioan argitaratuko du, Txotx Denboraldiaren inguruko gehigarri berezian.

Sagardoaren mundua ezagutzeko pakete turistikoa, nobedadea
Aurten nobedade gisa, pakete turistiko bat egin dute, sagardoaren historia eta erdi aroko Hernani ezagutzeko. Zortzi pertsonentzako taldeei dago zuzendua, bost hizkuntzatan: euskera, gaztelania, katalana, frantsesa eta ingelesa. 
Paketea hartzen duenak, ondorengoa egiteko aukera izango du, gida baten azalpenekin:  hirigune historikoan barrena ibilbidea oinez; inguruak ezagutu txu-txu trenean; sagardotegi batean kata; eta sagardotegi batean bazkaria eguerdian. 

IGANDEKO EGITARAUA
11:00-11:45 Trikitilariak kalean zehar.
12:00 Ekitaldi nagusia Josune Bereziarturekin.
12:00 Txalapartariak
13:00 Herri kirolak: Ugaitz Mugerza aizkolaria eta Iñaki Perurena harrijaso­tzailea

TXOTX DENBORALDIKO  EGITARAUA
Otsailak 25 
VI. Sagar Lasterra.

*Denboraldirako antolatu dituzten gainontzeko ekitaldiak Hernaniko Kronikak igandeko gehigarri 
berezian argitaratuko ditu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!