Aitor Sarriegik jantzi zuen Gipuzkoako txapela, atzo Illunben, ia 10.000 lagunen aurrean. Lehenengo lanetan berak dominatu zuen, eta buruz burukora 16 puntuko aldearekin pasa zen, Beñat Gaztelumendirekin batera. Gaztelumendik bukaera ikaragarria eman zion saioari, eta bigarren postua lortu zuen, bigarren aldiz segidan. Final ederra izan zen, bertso mailaz eta jendez. Sarriegiri Laxaro Azkunek jantzi zion txapela, eta Mikel Mendizabali eskaini, bertso maisu izandakoari eta bertso munduan hainbeste lan egindakoari.
Orokorrean saio parekatua izan zen atzokoa. Alaia Martin eta Iñaki Apalategi hazi egin zituen plazak, eta hirugarren eta laugarren postuan geratu ziren, saio ederra eginda. Agin Rezolak bosgarren postua lortu zuen eta ale ikaragarriak utzi zituen. Irazuk puntu bat gehiago behar izan zuen, aurrean sartzeko, saio erregularra eta ona egin baitzuen. Jon Martin eta Unai Agirre izan ziren zazpigarren eta zortzigarren, eta haiek ere ale ederrak utzi zituzten.
Hernaniko bertso eskolako kideek lan ezin hobea egin dute, txapelketa osoan, eta lau kide sartu dituzte finalera. Emaitza ederra, beste behin ere.
Sarriegi nagusi, lanez lan
Ia hutsik egin gabe eta maila ikaragarrian aritu zen Sarriegi. Sei puntuko motzean, Alaia Martin eta biak seropositiboak ziren; Sarriegik haurra izan nahi, eta Martinek ez. Martinek bota zion: Bizitza bera da juez / ta kondena jarri du beltz / Nire sabelak ume batekin maiz egin du amets / Ta kasualidade batez / kutsatzean gure kaltez / Guk berdin-berdin maiteko dugu baina jendeak ez. Sarriegiren erantzuna: Begiratzea ezberdin / seinalatuz behatzekin / Badakit zer den eta sortzen du noski hainbeste min / Baina ez hitz egin arin / Hau zuzena izan dadin / Jendeak ez du erabakiko guk biok zer egin.
Puntu erantzunean,
puntu gutxi
Baju xamarra izan zen puntu erantzunen lana. Apalategik egin zuen lanik onentsuena; hemen bat: Paparazzi ugari, dabil zure bila… ba ondo apuntatu hemen da mutila / irriparrez ari da, hara ze hortz pila / baina gertuxeago, etorri dadila. Irazuk ere horrela kantatu zuen: Bateko twitterra ta besteko facebooka… Ni bi hoietan nabil, dexente galduta / Nik bertsoa.com, nahi nuen apunta / gainontzeko guztiak, zentzurik ez du-ta.
Zortziko haundia eta txikia, arratsaldeko onentsuena
Lan asko eta onak entzun ziren atzo zortziko haundian. Gaiek ere hartarakoxe bidea ematen, eta bertsolariek umorez asmatu zuten. Rezola izan zen onena. Gaztelumendi lagun zuela, parrez jarri zuten biek Illunbe, dieta egiten bi hilabetez ari diren bikote baten ahotan. Oraintxe tokatu zaie Gabonetako saski eder bat. Rezolak horrela kantatu zuen: Txokolatien kontuak nahiz ta piztu lezaken mamua / gaur lehendabizi probatuko det, eta hor konpon damua / hik kentzak beso hori hortikan, kozka egitera nua / edo lehenengo kozkan jango dit, igual brazo jitanua.
Zortziko txikian, Agirrek lortu zuen puntuazio onena. Alaia Martinekin mendira joan eta hamaiketako diferentea eraman dute. Agirrek txorixoa eta ardoa, eta Martinek Isostar eta barrita energetikoak. Agirrek horrela bota zion: Ze negargure dedan, ez noa esatera / bota gorri hoiekin, gora eta behera / barrita ziztrin hoiek, neri ez atera / Erniora igo gera, ez Everestera.
Bukaerako sprina
Bakarkako lana bikaina izan zen, eta buruz burukora bi onenak pasa ziren: Sarriegi eta Gaztelumendi. Sarriegik ia dena ondo egina zuen eta Gaztelumendik buelta eman behar aldeari. Saiatu zen, eta estu jarri zuen txapelduna. Sarriegik ordea, bikain eutsi zion; adibide moduan, Muxua gaiari kantatutako bederatzi puntukoa: Izan liteke lehen, neskari emana / edo noizbait hondatu, zuena plana / musuak lotu ohi du, sarri harremana / bere atzetik dator: fereka, laztana / barruan den dana / kanpora darama / hautatzea bana / balitz gaurko lana: / atzo gauean amak, eman zidana.
Gaztelumendik indartsu bukatu zuen, eta bakarkako lanik onenak bereak izan ziren, hain ondo menperatzen duen habanera doinuan. Azken gaian, bideo baten bidez jarri zioten gaia, ETAren su-etena azaltzen zuena. Gaztelumendi: Berrogeita hamar urtez, luzaro borrokatuak / Emaitza eman duela, zirenez konturatuak / Zenbat medio ote dira, gugana bertaratuak / Garrantzia hartu dute, uneak eta lekuak / Batzuk dira terrorista, moduan izendatuak / Edo komisarietan, odolez zerrendatuak / Gauez etortzen zaizkigu, maiz zakur amorratuak / Alde guztietan daude, jarduera armatuak.
TXAPELDUNAREN AGURRA:
Beasaindik Ordizira
Ordizitik Beasaina
Ataundik ere heltzen zen
autobuskada bikaina
Barrena zaharrak zeukan
historiaren usaina
Ta zu Mikel Mendizabal
artaldearen artzaina
Urte asko pasa dira
sasoi hartatik oraina
Goierrik eta bertsoak
asko zor dizute baina
Inork zor al dizu zure
ikasle ginenok aina
Besterik ez daukat eta
hartzazu nere ordaina
8 FINALISTEN SENTSAZIOAK:
Aitor Sarriegi:
«Ez nuen argi
ikusten buruz
burukoa, denak
pareko ikusten nituen»
Beñat Gaztelumendi:
«Hasieran kosta egin zait sartzea, baina bakarka eta buruz burukoan goraka egin dudala uste dut»
Alaia Martin:
«Pozik nago. Disfrutatu egin nahi nuen eta lortu dut»
Iñaki Apalategi:
«Oso hunkituta sartu naiz eta horrek ez dit aterrizatzen utzi
lehenengo lanean»
Agin Rezola:
«Plaza haunditxo geratzeko beldurra nuen eta hasieran hala iruditu zait. Gero zentratu naiz, baina bukaeran
lanbrotu egin zait dena: gaiak, ideiak...»
Jexux Mari Irazu:
«Gustora geratu naiz nere lanarekin. Bukaera polita eman diodala uste dut»
Jon Martin:
«Sentsazio berezia izan da 10.000
pertsona begira
izanik, etxeko salan bezala sentitzea»
Unai Agirre:
«Zortzigarren
izanda triste egon beharko nukeela dirudi, baina ez da hala. Kosta egin zait beroan sartzen eta denetariko
sentsazioak izan ditut»