«Txina harresiaren atzean ezkutaturik dago, eta ni herria bera gerturatzen saiatu naiz»

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 14a, 01:00

Mende laurdena bete da aurten Rafa Egi­guren (Hernani, 1948) Txinara joan zela. Ekialdeko herrialde erraldoi hartan izandako 10 hilabeteetan bizitutakoak sakon ukitu zuen. `Gauza guztiak´ liburua argitaratu berri du, garai haietan jasotako ohar-sorta, oroitzapen eta geroztik irakurritakoekin. Gaur aurkeztuko du Errioguardan, 19:00etan.

Orain 25 urte Txinan pasa zenuen denboraldi bat, ikasten. Nolatan hernaniar bat Txinara?
Ikastera joan nintzen. Eus­kara irakaskuntzan ibili nintzen urte askotan, eta atsedena har­tzeko gogoa nuen. Txinara joatea pentsatu nuen, txinera pix­ka bat ikasteko asmoz, eta hala presentatu nintzen Pe­ki­nen. Hiz­kuntza Eskola Ofizialean apuntatu nintzen, eta han egin nituen 10 hilabete. Ikas­taro oso bat, egunean 5 ordutan.


Diotena bezain zaila al da?
Hizkuntza bat zaila edo erraza gauza askok egiten dute, nola eta nondik ikasten duzun da kontua. Guretzat ez da erraza, sistema fonetikoa konplexua delako. Erreferentziarik ez duzu, hemen telebista ingelesez, frantsesez edo gazteleraz antzeko esaten da, baina txinerak ez du zerikusirik. Idazkera sistema ere erabat diferentea da. Japoniar batentzat aldiz, nahiz eta beste hizkuntza bat izan, ez da hain zaila izango…


Informazioaren garaian bizi garen honetan, benetako Txina ez dela ezagutzen esan izan duzu.
`Gauza guztiak ´ liburua, orduan jasotako ohar eta bizipenekin idatzi duzu, besteak beste. Horiek erabiliz, barruko Txina hori azaltzen saiatu al zara? Bai, ahalegin hori egiten dut. Guretzat, europearrentzat, urrun dago oraindik ere Erdi Aldeko Erresuma, harresien atzean... Noizean behin, notiziak iristen zaizkigu, olinpiadak, ekonomiaren garapen miragarria, Tibeta, urtero fusilatutako jende kopurua eta abarren inguruan... baina Txina hori baino zerbait ge­hiago da. Barruan zer duen ez da ezagu­tzen. Txinaren in­guruko testu zahar batzuk sartu ditut liburuan, literaturan oso paradigmatikoak eta inportanteak direnak. Hiz­kuntzak ere prota­go­nis­mo berezia du liburuan; Taois­moari buruzko kon­tzeptu batzuk ere bil­tzen ditut, eta bai­ta pintura klasikoa nola uler­tzen duten ere. Euskal pelotari eta jesuitak ere izan ziren Txi­nan, eta horren berri ere ematen dut. Ez da Txinari buruzko gida bat, baina bai Txina ezagutzeko modu bat; ni herria bera gerturatzen saiatu naiz.


Ez da Txinari buruz duzun liburu bakarra. Egiteko zeneukan zerbait al zen?
Bai, beste bi ditut lehendik: Ilar­gia putzuan ageri nobela Txi­nan kokatutakoa da; eta Man­darin dotore liburu-diskoko testuen itzulpena ere nik egina da. Gauza guztiak liburuak ordea, ba­rruan nuen guztia ateratzeko balio izan dit. Ikasle lanetan ja­sotako oharrak, orduko orai­tzapenak, geroztik Txinari bu­ruz eta honen kulturari bu­ruz irakurritakoa... horixe da labur esanda kontatzeko nuena.


Beraz, ez da inoiz jakiten, baina Txinarekin erlazioa duen azkena dela esan daiteke.
Baietz esango nuke, dena bo­ta dudala uste dut. Buruan bueltaka nituen gauzekin idatzi dut... Txine­rarekin jarraitzen dut, bokabularioko hitzak itzul­tzen ditut euskarara, baina beti ere, niretzat.


Lehendik ere, euskaldunak Txi­nan barrena ibiliak gara orduan.
Bai, pelotariak batetik, zesta-puntan ibiltzen zirenak... nik eza­gutu nuen zesta-puntan ari­tzeko frontoia han. Eta je­suit­ak bestetik. San Frantzisko Xabier izan zen lehen euskalduna Txinara heltzen. Kato­li­zis­moa zabaltzera joan omen zen, eta bertan hil zen. Orduan ere, euskaraz hitz egiten omen zuen.


Txinera-gaztelaniako hiztegi zabalena, jesuita euskaldunena omen da.
Bai, txinera-gaztelaniako au­rre­neko hiztegiaren egileak je­suita euskaldunak izan ziren, 6.000 sarrerakoa. Or­duan beste garai batzuk ziren, eta pena ematen dit, gaur egun izan balitz, euskaraz egingo lukete eta.


Txinarekin duzun pasioa ikusita, azken urteetan egin duzun lotura bakarra literarioa izan da. 15 urteren ondoren, itzultzeko asmorik bai?
Alde batetik bai, baina beldurra ere ematen dit. Bere garaian beka batekin beste urtebete pasatzeko aukera izan nuen, baina hemen ge­ra­tzea erabaki nuen... Badut ordea barruan korapilo bat, eta berandu baino lehen itzuliko naizelakoan nago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!