Goizuetak 355 baietz!

Kronika - Erredakzioa 2011ko ira. 28a, 02:00

Erronka eguerdiko 12:00etan hasiko da Goizuetako plazan eta ordubete izango dute 355 kizki-lagun elkartzeko. Hernani eta inguruko herriei parte hartzeko deia luzatu diete, bete beharreko baldintzak bi besterik ez baitira: 14 urte baino gehiago izatea, eta kizki bat izatea esku-artean.

Oiartzuarren desafioa hartu, eta baiezkoa eman ostean, Kizki Eguna ospatuko dute urriaren 1ean, larunbatean, Goizuetan. Hel­burua, Goizuetako plazan 355 kizki-lagun biltzea da, eguerdiko 12:00ak eta 13:00 bitartean. Lortuz gero, Oiartzuarren marka hautsi eta Goizuetak izango du errekorra.


Astigarraga lehendabizi, Oiartzun ondoren, eta Goizueta aurten
Kizki Eguna Astigarragan sortu zen 2009ko irailaren 27ko sagar uztarekin batera. Goldea elkartekoek antolatu zuten apustua: kizkia inguru hauetan sagarra biltzeko tresna zela aprobetxatuta, helburua zen 300 pertsona elkartzea, bakoitza bere kizkiarekin, sagar-biltze herrikoi batean. Azkenean 311 kizki-lagun bi­l­tzea lortu zuten, eta nola ez, aldez aurretik ezarri zuten marka haustea. Hurrengo urterako, Oia­r­tzuni bota zioten desafioa astigartarrek, eta baiezkoa emanda, Oiar­tzungo AEKk antolatu zuen joan den urtean Kizki Eguna. Helburua, Oiartzungo plazan 311 kizki lagun biltzea izan zen, eta lortu ere, lortu zuten, 354 kizki-lagun elkartu baitziren. Tradizioari jarraituz, Oiartzunek beste herri bati bota zion desafioa, kasu honetan, Goizuetari, eta nola ez, nafarrek ezin ezetzik eman. Hala, larunbatean izango dute 355 kizki-lagun biltzeko erronkari aurre egiteko eguna.

Hernani eta inguruko herriei deialdia
Goizuetari desafioan gaindi­tzen laguntzeko edonork har de­­zake parte, horregatik inguruko herriei animatzeko deia luzatu diete. Bi dira bete behar diren baldintzak: kizkia es­kuan eramatea eta 14 urte bai­no ge­hiago izatea. Kizkiak salgai jarri dituzte Amaia kafetegi­an, eta egunean bertan ere izango dira. Hala ere, antolatzaileek azaldu dutenez, 14 urte baino gu­txiago dutenek ere izango dute parte hartzeko aukera, nahiz eta apusturako ezingo diren kizki-lagun bezala kontatu.

Kizkia altxa, sagarra hartu, kizkia erakutsi eta sagarra bota; hori da erronka
Eguerdiko 12:00etan emango diote hasiera Kizki erronkari herriko plazan. Sagar haundi baten irudia marraztuko dute, eta bertan, pixkanaka-pixkanaka zenbat jende sartzen den kontrolatuta, sagarraren ba­rruan kokatuko dituzte kizki-lagunak. Herri bakoitzeko bi kide egongo dira egoera kontrolatzen. Behin ordubete igarota, apustua nola bete behar duten azalduko dute: 1, kizkia altxa; 2, sagarra hartu; 3, kizkia erakutsi; eta 4, sagarrak saskira bota. Erronka gainditzeko, 13:00 aldera, 355 kizki-la­gun egon behar dira plazan ma­rraztutako sagarraren ba­rru­an. Bu­katuta, txotxetik sa­gar­doa edateko aukera izango da.


Oiartzunen eta Goizuetan bildutako sagarrarekin egingo da desafioa
Kizki eguneko antolatzailea Goizuetako herria izan da bere horretan, eta azaldu dutenez, sagarrak bildu di­tuzte dagoneko. Zatirik haun­diena Oairtzunen bildu zuten, 40 kiloko 15 zaku in­guru, «dohainik eman zizkigun»; eta beste 40 kiloko 10 zaku Goizuetan bildu dituzte.


Egun osoko festa
Eguneko ekitaldi nagusia erronka bada ere, goizetik arratsera izango da festa Goi­zuetan. Erronkaren aurretik sagarra eta sagardogintzarekin zerikusia duten produktu eta tresneriaren azoka egingo dute herriko plazan: sagarrondoak, sagarren in­gu­ruko liburuak, tresnak... Erron­karen ondoren, bazkari eder baten bueltan el­kartuko dira, 14:30etan, frontoian (bazkariko txartelak Amaia kafetegian daude salgai). Arratsaldean, sagardogintzako herri kirolak izango dira Astigarraga eta Goi­zuetaren artean, apustua ondorengoa: 3 zaku sagar bildu kizkiarekin (40 kg-koak); karga oso bat (160kg) leraren gainean dutela 10 plaza egin; eta sagar zaku bat (40kg) matxakatik pasa. Festa eguna trikitilariek agurtuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!