Mugimendurik izanen da Goizuetan asteburu honetan, larunbatean batez ere. Alde batetik Atalen Eguna ospatuko dute Umore Ona elkarteko kideek, eta bestetik, Etorkinen Eguna ere izanen da.
Horrela, Umore Onako atal ezberdinak bat bilakatuko dira etzi eta igandean. Larunbatean, goizeko 10:00etan pelota partiduak izanen dira frontoian, eta tokitik mugitu gabe, 11:30etan abesbatzak eta dantzariek eskainiko duten emanaldiaz gozatzeko aukera izanen da. Goiza borobiltzeko, Umore Onako atalentzat, luntxa eginen dute, 13:00etan elkarteko beheko azokan.
Mendi buelta, Arainburuk
Baina ez da hor bukatuko Umore Onarentzat asteburua, Arainburuk mendi irteera antolatu baitu iganderako. Goizeko 08:00etan abiatuko dira Plazatik, autoz, eta ondorengo ibilbidea osatuko dute (zirkularra izanen da): Goiko zentrala-Sasiain-Iturria-Izaeta. Eguerdiko 13:00ak aldera itzuliko dira, eta gaurkoa da azken eguna izena emateko, Amaia kafetegian.
Poteoa eta bazkaria, Etorkinen Eguna behar bezala ospatzeko
Eta Etorkinen Egunari dagokionez, urtero bezala, poteoa eta bazkaria eginen dute Goizuetan. Izena eman behar da, bazkarira joan ahal izateko, Amaia kafetegian edo Izkiña tabernan. Hitz eman dute kanpotik etorritako goizuetarrek, herria «hankaz gotti» jarriko dutela. Eta noski, bertaratzeko gonbitea luzatu diete etorkin guztiei, eguna behar den bezala ospatzeko.