Oiartzunera irteera Arainburuk antolatuta, ibilbide historiko batetik

Julen Borreguero Fernandorena

Goizueta-Oiartzun bidea; Añarbeko urtegira bistak.

Urriaren 24an izanen da irteera, eta aldez aurretik izena eman behar da, urriaren 22a baino lehen.

 

Goizuetako Arainburu mendi taldeak urriaren 24rako (larunbata) irteera antolatu du. Goizeko 08:00etan abiatuko dira herriko plazatik, autoz joanen dira Añarbeko urtegiko bidegurutzera (Urraideko Lepoa), eta bertatik 4 ordu inguruko itzuliari ekinen diote, Oiartzurena iritsi arte. 13 kilometroko ibilbide «errexa» izanen da, 500 metroko desnibel positiboarekin, eta 598ko negatiboarekin.

13:30ak aldera itzultzea aurreikusi dute, eta Umore Ona elkartean bazkalduko dute. Aldez aurretik izena eman behar da irteeran parte hartzeko, Amaia kafetegian, eta horrekin batera adierazi beharko da autoa jartzeko prestutasuna. Itzulerako autobusa (15 euro) ere ordaindu beharko da izena ematerakoan; hori bai, gutxienez 15 lagun behar dira autobusa eskatzeko. Bazkarira joateko intentzioa ere adierazi behar da. Apuntatzeko azkeneko eguna da urriaren 22a, etzi alegia.

 

Goizuetatik itsasora iristeko bidea, garai batean

Badu historia urriaren 24an Arainburukoek eginen duten ibilbideak. Hernaniko errepidea egin aurretik, Goizuetatik itsasora iristeko irtenbiderik azkarrena zen Oiartzun-Pasaia. 

Taldetik diote men­de askotan goizuetarrentzat «itsasbide garrantzitsua» izan dela, «burni totxoak, harearria, barkugintzako zurajeak, lanerako erramintak, bale eta oliba olioa, bakailo gazitua, garia, korreoa eta beste hainbat gauza beharrezko garraiatzeko». Eta azalpena haratago dijoa: «Bide hau Gaztela eta Nafarroako erreinuen arteko mugan zegoelako, konta ezin gatazka gertatu dira inguru hauetan; hala ere, muga guzti horien gainetik jendeak bere harreman estuei eutsi die; besteak beste, oraindik kasik senide diruditen Goizuetako eta Oiartzungo hizkerak».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!