Leitzako Jeiki abesbatza ariko da Goizuetako elizan, arratsalde honetan

Julen Borreguero Fernandorena

Leitzako Jeiki abesbatzako kideen talde-argazkia.

'Euskal soinu ondarearen ibilbideak' zikloaren baitan eskainiko dute emanaldia, 19:30etan.

 

Goizuetan izanen dira Leitzako Jeiki abesbatzako kideak gaur arratsaldean. Doan eskainiko dute emanaldia, elizan, 19:30etan hasita. Urte osoa darama Leitzako abesbatzak Nafarroako hainbat herrietan zehar, 'Euskal soinu ondarearen ibilbideak' zikloaren baitan.

Gaurko kontzertuari dagokionez, euskal autoreen obrak izanen dira protagonista, kronologikoki ordenatuta: euskal kanta zaharrena izan daitekeenetik, gaur egunera arteko euskal konpositoreen obretaraino. 'A capella' abestuko dute batzuetan, eta pianoaren edo organoaren laguntzarekin besteetan.

Gainera, abesbatzatik nabarmendu dutenez, «ikuspuntu pedagogikoa» badu kontzertuak: «Azalpenari esker, ikuslegoak entzunen duena ulertzeko pautak jasoko ditu, eta historian zehar euskal musikan egon diren aldaketen berri izanen du». Zikloaren azkeneko kontzertua azaroaren 7an eginen dute, Etxalarren. 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!