Urteroko zitari eutsiz, talo-jatea eginen dute Ixkibi kanpinean, igande honetan. Festarako aukera ederra izanen da bertan, eguerdiko 13:30etatik aurrera. Bazkariaz gain, bertsolariak, trikitilariak eta toka txapelketa ere izanen dira bertan.
Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolarien aurreneko saioak emanen dio hasiera egunari, eta 14:00etan hasiko da bazkaria, Goizuetako Talogileek prestatutako taloekin. Menua ez da nolanahikoa: sarrerakoak (rabak, kroketak...), taloak (marrukoa, hirugiharra, txistorra eta txokolatea), sagar tarta, sagardoa, ardoa, kafea eta kopa.
Horretarako txartelak salgai daude Amaia kafetegian eta Ixkibin bertan, eta biharkoa izanen da erosteko azkeneko eguna: helduenak 28 euroan, eta 14 urtetik beherakoenak 13 euroan.
Bazkarian zehar eta bazkalondoren ere ez dute bertsorik eta musikarik faltako. Mendiluzek eta Lizasok umorea jarriko diote otorduari, eta Dani eta Ainara trikitilariek ere eginen dituzte hainbat saio, jan-edan goxoa osatzeko.
Eguna borobiltzeko, toka txapelketa jokatuko dute ilunabarrean. Saria izanen da irabazlearentzat: bi lagunentzako otordua Oxeguarda jatetxean.