Oharra kaleratu du Goizuetako Udalak egun hauetan, azienden kontrolarekin eta herritarren segurtasunarekin kezkatuta. Izan ere, zenbait behi eta betizu agertu dira herrigunean, azkenaldian; eta horrek «beldurra eta ezinegona» sortzen du herritarren artean. «Aziendak mendian egotea abeltzainen ardura da, eta ez dute baserrietan, errepideetan edo herrigunean ibili beharrik», adierazi du Udalak.
Horren aurrean, abeltzainekin harremanetan jarri da, «egoerari ahalik eta azkarren irtenbidea emateko eta aziendak dagokien tokietan egon daitezen neurriak hartzeko eskatzeko». Udalak azaldu duenez, abeltzain batzuek bere kabuz hartzen dituzte neurriak, beren aziendak dagokien lekuetan egoteko; eta itxiturak jartzen dituzte aziendek erabiltzen dituzten pasabideetan, behar bezala itxi eta kontrolatzeko. Baina azkeneko asteetan, errekan puskatuta agertu da itxitura horietako bat, herriko ur-deposituaren inguruan jarritakoa. «Gainera, ez da antzeko gertaera bat ematen den lehenengo aldia».
Udalaren ustez, «GPS eta hesi birtualak uztartzen dituen sistema» da aziendak kontrolatzeko modurik egokiena, «baina eredu hori ezarri bitartean, ohiko itxiturak izatea eraginkorra izan daiteke». Horregatik, mendiko eta bideetako itxiturak errespetatzea eskatu die herritarrei, eta ireki behar badituzte, berriro behar bezala ixtea. «Herritarren eta abeltzainen arteko elkarlana ezinbestekoa da egoera hau modu azkar eta egokian konpontzeko».