Udalak Txingurri birlandatu du, Rural Kutxarekin elkarlanean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko irailaren 2a

Txingurri parajea.

5,75 hektarea landatu dira, Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaren lankidetza hitzarmenari esker.

 

Goizuetako Udalak Txingurri parajeko 5,75 hektarea birlandatu ditu, Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzarekin elkarlanean. Lankidetza hitzarmena indartu dute halaber, aipatutako bi entitateek, «herri-mendietako baso-masak lehengoratzeko eta mantentzeko». 

2023an baimendutako erreketa bat ezin kontrolatu ondoren, 2012an egindako 28 hektareako birlandaketa baten zati bat erre zen. Orain, kaltetutako azalera berreskuratzeko, «eskakizun txikiagoak» dituen espeziea erabiltzea erabaki da, pinu horia hain zuzen.

Jarduketa hau Udalaren lan-ildoaren barruan kokatzen da, Goizuetako herri-mendiko baso-masak zaintzeko, mantentzeko eta hobetzeko. Estrategia honen helburua da, hain zuzen, «kontserbazioa eta prebentzioa udalerriko baliabide naturalen aprobetxamendu jasangarriarekin bateragarri egitea».

 

Udalaren eta Nafarroako Rural Kutxaren arteko lankidetza

Goizuetako Udalaren eta Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaren arteko lankidetza duela hiru urte hasi zen. Orduan sinatu zuten bi erakundeek lehen akordioa, «Udalak baso-berritzeak mantentzeko urtero egiten dituen inbertsioak laguntzeko». Lankidetza indartu berri duten honetan, Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak Txingurriko jarduketaren hasierako inbertsioaren zati haundi bat bere gain hartzeaz gain, datozen bost urteetarako aurreikusitako mantentze lanak ere bere gain hartuko ditu.

Proiektuaren idazketa eta obra-zuzendaritza Basartea SL enpresari esleitu zaizkio. Ordainsariak 4.785,92 eurokoak izan dira, eta Udalak hartu ditu bere gain osorik. Birpopulatze-lanak, bestalde, Berdabio Basogintza SL enpresak egin ditu, eta 48.683,22 euroko inbertsioa egin da guztira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!