Asteburuko martxa ederraren ondoren, haurrak izan ziren protagonista nagusiak atzokoan, Goizuetako Fiestetan. Jolas, buruhaundi eta erraldoi, pelota partidu, dantza eta zezensuzko artean pasa zuten egun polita, 'ume haundiei' erreleboa eman aurretik. Izan ere, Peñaren Eguna da gaurkoa, gazteak eta helduak kalean jolasean ikustekoa. Ardoz gorritutako arropa zuriak, lehorreko arraun saioa, ibaiko txapuzoiak, mangeren txorrotak eta barre algara etengabeak izango dira nagusi egun osoan, Fiestei agur esateko.
Goizez zein arratsaldez eginen du kalejira Umore Ona Peñak, Igandea txarangaren laguntzaz; eta bazkaritan ere elkartuko dira eguerdian.
Blusa berdekoen giro alai eta ganberrotik harago ere izanen da zerekin gozatua gaurkoan. Batetik, puntako esku pilota partiduak jokatuko dira eguerdian, Goizuetaren eta Aranoren arteko ohiko desafioa tarteko. Eta bestetik, arratsaldean, zezenak izanen dira aurrena, eta Goittikoren bingoa ondoren.
Gauerdian eginen dute Fiesten bukaerako ekitaldia udaletxe aurrean, baina jai-giroa pixka bat gehixeago luzatuko da oraindik. Izan ere, dantzaldia eginen dute Beñat Mitxelenaren erritmora, eta ondoren, Igandea txaranga aurtengo jaietan 127garren aldiz aterako da kalera, Fiestei errematea jartzeko.
|
GOIZUETAKO FIESTAK Peñaren Eguna GAUR, asteartea 11:30, Umore Ona Peñaren irteera, Igandea Txarangarekin. 12:00, Pilota partiduak, Lehenengo mailako Apaolaza / Galartza Goizuetaren eta Aranoren arteko desafioa: Perurena-Apezetxea / Ondoren, Igandea txarangaren irteera. 14:30, Umore Ona Peñaren bazkaria, Ikastolan. Ondoren, Umore Ona Peñaren kalejira, Igandea txarangarekin. 18:30, Lasturko zezenak. Ondoren, Goittikiren bingoa, Ikastolan. 00:00, Fiesten bukaera 00:30, Dantzaldia, Beñat Ondoren, Igandea txarangaren irteera. |