Goizuetako Udalak Eskola Zaharraren eraikina erabat eraberrituko du

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 13a

Goizuetako Eskola Zaharraren eraikina.

Bi etxebizitza sozial eta komunitaterako gune berriak soruko ditu bertan. Bestalde, Xalto Ikastetxean instalazio fotovoltaikoa jarriko da, eta datorren ikasturtetik aurrera, IkasNova gela izanen du Xalto Ikastetxeak berak.

Erabak eraberrituko du Goizuetako Udalak, Eskola Zaharraren eraikina. Intentzioa da bi etxebizitza sozial sortzea, baita gune komunitario berriak ere, etxebizitza eskuragarria, irisgarritasuna eta herritarren arteko elkarlana sustatuko dituen espazio bat sortzeko helburuz. 

Proiektuak 282.941,95 euroko dirulaguntza jaso du Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko deitutako laguntza-programaren barruan. Eta Udalak 120.000 euroko dirulaguntza du Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Departamentutik, babestutako birgaitzerako. 

Horrela, lanak bukatutakoan, eraikinean alokairu eskuragarrira bideratutako bi etxebizitza sortuko dira. Era berean, beheko solairua irisgarri egiteko beharrezko neurriak hartuko dira, eta eraikinaren erabilgarritasuna eta erosotasuna hobetuko dira. Udalak dituen bi lokalak ere egokituko dira. Dantzatako lokalean komun irisgarria jarriko da eta klimatizazioa hobetzeko ekipamendu berriak instalatuko dira.

Bestalde, proiektuaren atal nagusietako bat gaur egun Guraso Elkarteak erabiltzen duen lokalean egingo den egokitzapena izango da. Espazio hau Goinarri proiektuaren kokalekua izango da, bertan, ludoteka, liburutegia, ikasteko eta lanerako gelak sortuko dira. Lokal horren kudeaketa irekia eta komunitarioa izango da. Goinarri, Guraso Elkartea, eskolak eta herriko beste eragile batzuek ere parte hartuko dute, herritarren behar sozial, kultural eta aisialdikoei erantzuteko, baita herriko komunitate-bizitza indartzeko ere.

Udalak lanak esleitzeko egindako prozeduran, Jose Etxabe Eraikuntza izan da enpresa irabazlea. Obrak 2026ko irailean hastea aurreikusten da, eta 2027ko uztailean amaitzea. Udalaren arabera, proiektuak «herriaren etorkizunerako estrategikoak diren hainbat helburu» uztartzen ditu: «alokairuko etxebizitza eskaintza publikoa sustatzea, despopulazioari aurre egitea, eraikin publikoak berritzea eta herritarren arteko harremanak eta komunitate-bizitza indartzea».

 

Aldaketak, Xalto Ikastetxean 

Eta Xalto Ikastetxean berrikuntzat egin direla eta eginen direla ere eman du aditzera Udalak. Alde batetik, Ikastetxeak IkasNova gela izanen du datorren ikasturtetik aurrera. Eta bestetik, teilatuan instalazio fotovoltaikoa jarriko du Udalak.

IkasNova gela Goizuetako eskolaren eskaera izan da, eta ikasleen ikaskuntza-prozesua berritzeko eta hezkuntza-berrikuntza sustatzeko helburuarekin sortu da. Helburu nagusia «ikasleak beren ikaskuntza-prozesuaren protagonista» bihurtzea da. Horretarako, «sorkuntza, esperimentazioa eta lankidetza oinarri izango dituen ikaskuntza-eredua sustatuko da, ikasleen autonomia, parte-hartze aktiboa eta sormena indartuz». Era berean, espazio berriak komunikazio- eta konpetentzia digitalak garatzeko aukera emango du, teknologia ikaskuntzarako beste baliabide pedagogiko bat bezala txertatuz. Pentsamendu kritikoa, hausnarketa eta ebaluazio-gaitasuna ere landuko dira, «ikasleen garapen integrala» bultzatzeko.

Obrak burutzeko, Udalak Nafarroako Gobernuaren partetik jaso du 18.842,92 euroko diru-laguntza, eta guztira aurrekontua 42.409 eurokoa da. Egokitzapen-lanak Zabala Eraikuntza enpresari esleitu zaizkio. Obrak abuztuan hasiko dira, eta lanak urriaren 7rako amaituta egotea aurreikusten da. Gela berri hau, gaur egun liburutegia eta ordenagailu gela kokatzen diren espazioan kokatuko da.

Udalak Ikastetxean jarriko duen instalazio fotovoltaikoa, bestalde, 50 KWekoa izanen da. Horrela, «trantsizio energetikoan beste urrats bat» emanen du herriak: «Energia berriztagarria herrian bertan sortu eta aprobetxatuko da, Udalaren energia-beharren zati bati erantzuteko eta, aldi berean, autokontsumo kolektiboa bultzatzeko». Instalazioa Goiekhi Energia Komunitatearekin elkarlanean garatu du Udalak, eta lanak Leycolan enpresak eginen ditu. Proiektuak 48.243,55 euroko aurrekontua du, eta Goizuetako Udalak 33.722,12 euroko dirulaguntza lortu du Nafarroako Gobernuaren 'Toki entitateentzako laguntzak trantsizio energetikorako 2026ko deialdian'. Lanak abuztua bukaeran hasiko dira eta iraila bukaerarako bukatuak egongo direla aurreikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!