Goizuetako Udalak aditzera eman duenez, herriko ur emaria gutxitu egin da azken asteetako euri eskasiaren ondorioz. Beraz, neurri bortitzagoak hartu behar ez izateko, herritarrei eskatu die Udalak ura zentzuz erabiltzeko, adibidez kotxeak ez garbituz edota baratzak ureztatzea mugatuk, besteak beste.
Asteburu honetan ekaitza bortitzak izan ditugu Urumea bailaran, eta euria egin du asko. Halere, azken urtetako zifra baxuenetarikoetan egon dira inguruko urtegiak, edukierari dagokionez. Añarbekoa, adibidez, %69,5eko edukieran zegoen pasa den astean. Eta egia da Añarbek ez duela Goizueta hornitzen urez, baina Añarberen edukiera Goizuetako ur horniduraren egoeraren adierazle izan daiteke, gune berdinean kokatzen baitira.
Eta gune hori Iberiar Penintsulako euritsuenetarikoa da, baina azken asteetan euri gutxi egin du bertan. Eta pasa den asteburuko ekaitzak izanda ere, eta nahiz eta Gipuzkoako Uraketik adierazi duten urtegietan dagoen ura nahikoa dela udazkeneko euriak hasten diren arte neurri berezirik hartu gabe irauteko, datozenetan eguraldi ona dator berriro, eta horregatik eskatu du zentzuz erabiltzea ura Goizuetako Udalak.