Ostiralean botako dute txupinazoa Goizuetan, Ama Birjin jaiei hasiera emateko. Batzuek ezin izan dute itxaron hainbeste, eta bihar bertan ekingo diote ospakizunari. Umore Ona eta Ozenki abesbatzetako kideak dira horiek, zehazki; izan ere, Aurorak bihar goizean herriko kaleak zeharkatuko dituzte, 08:00etan.
Atseden baten ondoren, hilaren 14an botako dute txupinazoa lau omenduek (pelotaren mundukoak denak), 12:00etan: Alize Sagardui, Aritz Zubiri, Beñat Apezetxea eta Iker Salaberria. Ondoren, urtero lez, disfrutatzea tokatuko zaie goizuetarrei zein ondoko herrietatik bertaratuko direnei.