Zubimuxu aterpetxea hartzea ahalbidetu du Goizuetako Udalak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 2a

Herriaren erdigunean dago kokatuta, Zubimuxu aterpetxea.

Pasa den astearteko (uztailak 28) osoko bilkuran onartu zituzten pleguak. 

 

Zubimuxu aterpetxea hartzeko aukera ahalbidetu du berriro ere Goizuetako Udalak. Pasa den asteartean (uztailak 28) egin zuten osoko bilkuran onartu zen aterpetxea negozio gisa uztearen aukera, gehienez 5 urtera luzatu daitekeen 2 urteko alokairuan. Horrela, herriaren ezaugarrien deskribapen batekin batera, aterpetxearen ezaugarriena eta negozio bezala suposatuko lukeenaren deskribapena ere zabaldu du Goizuetako Udalak.

Zubimuxu 2012 eraberritu zen, nahiz eta XVIgarren mendekoa izan eraikina. 30 plaza eskaintzen ditu, beste lau gehigarrirekin, bost logelatan banatuta: bi logela bikoitz, bi logela 10 oherekin (5 litera) eta bat 6 plazekin (3 litera). Logela bakoitzak bere komuna eta dutxa ditu (logela bikoitzek bat partekatzen dute). Espazio komunak dira sukaldea, egongela eta lorategia. Urteko alokairua 864 eurokoa da, nahiz eta %5eko kopuru aldakorra gehitu behar zaion, erreserbetatik lortutakoaren arabera. Aipatutakoaz gain, garbitegia eta jarduerak burutzeko espazioak ditu aterpetxeak, baita wifia, aparkalekua eta 'pet friendly' aukerak. Bezero potentzial gisa landa eta naturari lotutako turistak, familiak, bikoteak, oinezkoak, txirrindulariak edota ikasleak jarri ditu Udalak. 

Negozioaren kudeaketak suposatzen du logelen alokairua eta tarifen kudeaketa, gune-komunen mantentze lanak, bezeroei arreta pertsonalizatua eskaintzea, jardueren antolaketa eta promozio turistikoa zein marketin digitala. Urte osoan ordutegia malgua izango da. Eragile gakoak dira, bestalde, tokiko hornitzaileak (elikagaiak eta jarduera gidatuak), Plazaola Partzuergo Turistikoa eta Booking edo Airbnb bezalako plataforma digitalak.

Kontuan hartu beharrekoak ere baditu negozioak: jarduera haundiena denboraldi zehatzetan izaten da; ordutegi eta kudeaketa malguak beharrezkoak dira, bezeroen iritsiera orduaren arabera; eta legeak bete behar dira (turismoarenak, eta segurtasunarenak, besteak beste).

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!