Herriko erraldoi eta buruhaundien konpartsa bizirik mantentzeko ahaleginetan ari dira Goizuetan. «Gure festetako tradizio politenetako bat da; ea denon artean bizirik mantentzea lortzen dugun», adierazi dute konpartsako kideek.
Parte hartzeko deia eta gonbitea luzatu diete herritar guztiei, eta horretarako, ikastaro bat antolatuko dute, erraldoiak dantzan jartzen ikasteko.
Ikastaroaren nondik norakoak zehaztu, ordutegiak finkatu eta zalantzak argitzeko, bilera baterako deia egin dute. Igande honetan izanen da, goizeko 11:30etan hasita, suhiltzaileen egoitzan.
Bertaratzeko gonbitea luzatu diete interesa duten herritar guztiei: «Betidanik izan baduzu erraldoiak eramateko gogoa, hau da aukera paregabea! Animatu zaitez!».