Ikasturtea ondo bukatzeko planak antolatu ditu Goizuetako Gaztetxeak, datozen asteetarako

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 8a

Goizuetarrak taloak prestatzen, 2025eko Feri Egunean. Argazkia: Felix Loiarte

Heldu zein gaztetxoentzako talo tailerra, mus txapelketa edota herria-kantuz bezalako planak antolatu dira, maiatzerako eta ekainerako.

Ikasturte amaiera honetan, bukaerako azterketez deskonektatzeko, badute egitekorik herrian goizuetarrek; izan ere, maiatza bukaerarako zein ekainerako planak eskainiko dizkie herritarrei Goizuetako Gaztetxeak. Maiatzean bi izango dira, eta ekainean bat. 

Hasteko, hilaren 22an, helduek zein gaztetxoek talo tailerraz gozatzeko aukera izanen dute, Umore Ona elkartean. Izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 18ra arte dago aukera, eta Amaia kafetegira bertaratuz egin behar da; 8 euro ordaindu beharko du parte hartu nahi duen orok. 18:00etan bertaratuko dira partehartzaileak elkartera, eta bakoitzak bere olea prestatzen, zabaltzen eta erretzen ikasiko du. 14 urtetik gorakoei dago zuzenduta, nahiz eta gazteagoek, 18:30etan, taloak zabaltzen laguntzera agertzeko aukera izanen duten. Ondoren, elkarrekin afalduko dute elkartean; edaria bakoitzak berea eraman beharko du. 

Jarraitzeko, astebete beranduago, hau da, maiatzaren 29an, mus txapelketa eginen dute gaztetxean. 21:30etan bertaratu beharko dira bikote partehartzaileak gaztetxera, izena ematera, eta 22:00etan hasiko dira norgehiagokak. 

Horiek dira maiatzean zehar izanen direnak, baina ekainean ere jarraituko dute jarduerek, 'herria-kantuz' kontzertuarekin. Izenak berak dioen bezala, herritarrek eskainiko duten kontzertua izanen da. Horrela, ekainaren 19an, Gaztelekuko kideek herritarrak gonbidatu dituzte «ama/aita, ahizpa/anaia, aitona/amona, laguna... hartu, instrumentu zaharrak atera, eta abesti bat prestatzera», aipatutako datako emanaldian eskaintzeko. 17:30etan izanen da zehazki, gaztetxean bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!