Herriaren erdigunetik Urumearen bestaldera mugituko dira goizuetarrak gaur eta bihar, Zubi Haundia pasata. Izan ere, festa giroa izanen da nagusi Txino auzoan, bi egunez, bi hitzordu berezirekin: Txondor Egunaren bigarren edizioa ospatuko dute gaur, eta Txinoko Jaiak izanen dira bihar.
Astetako prestaketa lanen ondoren, gaur eguerdian piztuko dute txondorra, ekitaldi berezi batekin. Xabi Solano izanen da gonbidatu berezia, Goizuetaren izena mundura zabaltzeagatik; eta gogoan izanen dute Joxe Ramon Zubieta 'Motza', aurreko txondorretan lanean aritu zena.
Ondoren, herri bazkaria eginen dute Txinoko frontoian bertan. Eta arratsaldean, betagarria emanen diote txondorrari, 15 bat egunez 'lanean' utzi aurretik.
Biharkoan, berriz, Txinoko Jaiek hartuko dute txanda. Eguerdian jarriko dute dantzan auzoko dragoia, eta hortik aurrera jan-edanak eta mota guztietako emanaldiek girotuko dute festa: Umore Onaren dantza saioak, Argi Malutaken 'Txondor plaza' antzezlanak, Agin Labururen eta Aitor Mendiluzeren bertsoek...
II. TXONDOR EGUNA
MAIATZAK 1, ostirala
12:00, Txondorraren piztuera eta ekitaldia. Xabi Solano izango da gonbidatu berezia.
14:30, Herri bazkaria, Txinoko frontoian edo Umore Ona elkartean. Menua: Nafarroako zainzuriak, arkumea burruntzian entsaladarekin, limoizko musa, kafea eta kopa. Txartelak Amaia kafetegian salgai.
TXINO AUZOKO JAIAK
BIHAR, larunbata
11:00, Umeentzako jokuak.
12:00, Txupinazoa. Ondoren, dragoiaren irteera, herriko trikitilariekin.
13:00, Txorizo egosi pintxoak.
17:00, Umore Ona dantza taldearen emanaldia.
18:30, Antzerkia: 'Txondor plaza', Argi Malutaken eskutik.
19:30, Bertsolariak: Agin Laburu eta Aitor Mendiluze.
20:30, Erromeria, Dani eta Ainararekin.