Txondor urtea da aurtengoa Goizuetan, finkatutako itxaronaldia bukatuta. 2023an egin zuten estreinako Txondor Eguna, eta orduan erabaki zuten hiru urtetik behin egitea ospakizuna. Horrela, hementxe da bigarren edizioa: maiatzaren 1ean eginen dute, Langileen Eguna ikazkin lanaren omenaldi eta festa bilakatuta.
Ezin esan daiteke hiru urteko itxaronaldiak txondorrarekiko grina itzali duenik; alderantziz, gero eta txinparta gehiago dauka suak. Horren adibide da Goizuetako Txondorra elkartea, aurten sortu dutena. Bihar egingo dute lehenengo batzarra, elkartearen nondik norakoak azaldu eta bazkideak onartzeko: 76 lagun dira dagoeneko. «Babes haundia duk hori!», aitortu digu Fernando Goia 'Pollo'k, elkarteko aurreneko lehendakariak. Berak, Garbiñe Makatzaga idazkariak eta Igor Elizegi diruzainak sortu dute elkartea, baina oso talde haundia da batu zaiena. Biharko batzarretik aterako dira zuzendaritza talderako beste hiru kide (lehendakariordea eta bi bokal), eta bertan emanen dituzte aditzera buruan darabiltzaten asmoak eta proiektuak ere, Txondor Egunen arteko bi urte horietarako.
Xabi Solano gonbidatu eta 'Motza' gogoan, txondorraren piztuera ekitaldi berezian
Momentuz, aurtengo txondorrean jarrita daukate bista, eta buru-belarri ari dira prestaketa lanetan. Jaitsi dute egurra menditik, eta jasangarritasunari begira aritu dira: «Batetik, hartu ditugu haizeak botatako pago adarrak eta zuhaitzak; eta bestetik, morrotu edo trasmotxatu egin ditugu beste pago batzuk. Saneatu egiten dira horrela. Izan ere, urte askotan ez badira morrotzen, adar bat ihartuz gero beste aldera hartzen du pixua zuhaitzak, eta irauli egiten da azkenerako. Pena da hori gertatzea, morrotutako pago batek 270-300 urte inguru izan ditzakeelako», azaldu du 'Pollo'k.
Txondor plaza eta txabola prest dituzte dagoeneko, eta baita beharrezko egurra inguruan pilatuta ere. Datorren larunbaterako jarri dute prestaketak bukatzeko zita, eta maiatzaren 1ean izanen da piztuera, eguerdiko 12:00etan, ekitaldi berezi batekin. Xabi Solano musikaria izanen da gonbidatua, eta berak piztuko du txondorra, eskertzeko «Goizuetako herriaren izena zabaldu izana munduan barna, gure Zahagi Dantza eta ikazkina tarteko. Leiho bat zabaldu zigun 'Zubitik zubira' programan eta Esne Beltzaren azkeneko kontzertuan ere».
Eta berezia izanen da ekitaldia, era berean, gogoan izanen dutelako Joxe Ramon Zubieta 'Motza', «aurreko bi txondorrak egiten parte hartu zuena, eta orain gutxi hil zaiguna».
Bi txondor izan dira aurrekoak, bai, 2011n egin baitzuten estreinakoa, Feri Egunarekin. Bigarrena izan zen 2023koa, estreinako aldiz Txondor Eguneko ospakizuna antolatuta. Horiek egin zituzten toki berean eginen dute hirugarrena ere: «Ansa familiak uzten digu bere lurretan egitea txondorra, eta oso eskertuta gaude haiekin», dio elkarteko lehendakariak.
Eskertuta daude, era berean, laguntza eman dieten enpresa, erakunde eta eragileekin ere. «Laguntzaile asko izan ditugu Txondor Eguna aurrera eramateko: mendi lanetako Apezetxea enpresa, Elama eskabazio eta garraio enpresa, Goizuetako talogileak, Goizuetako Kultur Taldea, Udala eta Reyno Gourmet».
Herri bazkaria eta betagarri ematea, piztueraren egunean
Piztuera ekitaldiaren ondoren, herri bazkaria ere eginen dute. Txino auzoko frontoian izanen da printzipioz, baina eguraldi txarrarekin Umore Ona elkartean eginen lukete. Horregatik, tokia mugatua izanen da, eta bertan bazkaldu nahi duenak ahalik eta azkarren joan beharko du Amaia kafetegira txartela erostera, ez baitute luzaroan iraunen.
Bazkalostean bueltatuko dira piztutako txondorraren ingurura, hari ere eman beharko baitiote jaten... Horrela, arratsalde horretan bertan eginen dute betagarri ematea.
Txinoko Jaiak, asteburua borobiltzeko
Ospakizun kontuak ez dira horrekin bukatuko, hurrengo egunean izanen baitira Txino auzoko Jaiak. Egun osoko programa prestatu dute, goizetik iluntzera; eta horretan ere izanen du protagonismorik txondorgintzak. Izan ere, 'Txondor plaza' antzezlana eskainiko du Argi Malutak taldeak, arratsaldean.
|
II. TXONDOR EGUNA APIRILAK 25, larunbata Egun osoan zehar, Txondorraren prestaketa lanak. MAIATZAK 1, ostirala 12:00, Txondorraren piztuera eta ekitaldia. Xabi Solano izango da gonbidatu berezia. 14:30, Herri bazkaria, Txinoko frontoian edo Umore Ona elkartean. Menua: Nafarroako zainzuriak, arkumea burruntzian entsaladarekin, limoizko musa, kafea eta kopa. Txartelak Amaia kafetegian salgai. TXINO AUZOKO JAIAK MAIATZAK 2, larunbata 11:00, Umeentzako jokuak. 12:00, Txupinazoa. Ondoren, dragoiaren irteera, herriko trikitilariekin. 13:00, Txorizo egosi pintxoak. 17:00, Umore Ona dantza taldearen emanaldia. 18:30, Antzerkia: 'Txondor plaza', Argi Malutaken eskutik. 19:30, Bertsolariak. 20:30, Erromeria, Dani eta Ainararekin. |