Apirilaren 22rako paratu du hurrengo zita Goizuetako Irakurle Taldeak, eta saio polita prestatu du egun horretarako. Izan ere, gonbidatu berezi bat etorriko da: Mikel Pagadi aurkezle, aktore eta idazle villabonarra, 'Bisita' liburuaren egilea. Liburu horrexeri buruz eginen dute solasaldia bi aste barruko saioan, hain juxtu. Tifanitxon izanen da, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Hortaz, oraindik liburua irakurri ez duenak, bi asteko epea dauka horretarako, eta erraztasunak eman dituzte, gainera: liburuaren aleak eskuragarri daude Goizuetako udaletxean, nahi duenak hartzeko.
Zientzia-fikziozko nobela da 'Bisita', «umore ganberroz» idatzitakoa. Plater hegalari bat iritsi da Lurrera, eta estralurtarrek non eta Euskal Herrian hartu dute lur: Anoetako bi baserriren arteko soroan. Mundu osoa eta bereziki bertakoak aztoratuko ditu gertakariak: «Zer da objektu hegalari ezezagun hori? Nondik dator? Zer nahi dute? Zer egingo dugu?».
Mikel Pagadi, hirugarrenez bisitari Goizuetan
Bere aisi denboran non ibiltzen den ez dakigu, noski; baina badakigu, gutxienez, hirugarrenez eginen duela Goizuetara bisita Mikel Pagadik. Tipo ezaguna da herrian, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioarekin bitan izan baita bertan, eta programak toki kuttuna du Goizueta, gainera. Izan ere, bertan egin zuten estreinako saioa, 2015eko urtarrilean. Orduan, traktore baten atzeko aldean iritsi ziren Pagadi bera eta Zuhaitz Gurrutxaga, eta umoretsu aritu ziren herria eta herritarrak ezagutzen: kafetegiko Amaia, Angel eta 'Pollo' aguazilak, Jesus Mari zintzarrigilea, Ekaitz ehiztaria, Mañoli 'yogi'a, Luis joteroa, Don Esteban apaiza zena... Udaletxeko ganbaran egin zuten ekitaldi jendetsua ondoren. 2018ko abenduan bueltatu ziren biak herrira, programaren 100garren saio berezia egitera, hasi ziren tokira.