Ametsetan bezala izanen da Alize Sagardui esku pilotari goizuetarra, eta ez da gutxiagorako. Elite mailako Binakako Txapelketan debuta egitea haundia bada, zer esanik ez torneoaren finala jokatzea. 14 urterekin, lorpenak arrapaladan ari zaizkio pilatzen, kasik amets berrietarako denborarik gabe. Eta amestu edo ez, ikaragarria egin zuen atzo: txapela jantzi du bere estreinako Binakakoan, Enara Gaminde laukiztarrarekin batera.
Nagusitasunez menderatu zituzten Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara faboritoak (22-17), Eibarko Astelena frontoian. Garbi zeukaten egin beharreko jokoa, eta hasieratik erakutsi zuten kantxan. Gaminde jaun eta jabe izan zen atzean, Bergara zazpigarren koadrotik atzera mugituta; eta makina bat tanto ere bukatu zituen berak, bederatzi guztira. Aurrean, Sagardui urduritasunik gabe aritu zen, oso partidu serioa jokatuta, koadrila osoaren eta beste goizuetar askoren animoak lagun zituela. Eskuineko eskua mindu arren, bikain aritu zen hasieratik bukaerara.
Horrela, goizuetarrak eta laukiztarrak berehala zabaldu zuten tartea markagailuan, eta ia erabakita utzi zuten partidua (20-10). Orduan iritsi zen kontrarioen erreakzioa. Arriskatzen hasi zen Arrizabalaga, sake-errematean asmatu zuen, eta markagailua estutzea lortu zuen (21-17), finalari emozio pixka bat jarriz. Baina garaipena lotu eta txapela janztea lortu zuten Sagarduik eta Gamindek. Pozez txoratzen ospatu zuen goizuetarrak kantxan, bertaratutako lagunekin eta herrikideekin batera.
