Pasa dira urte mordoxka bat, 28 zehazki, Goizuetako aurreneko Dantzari Ttiki Egunetik. Eta ospakizuna berreskuratu nahi izan du Umore Ona dantza taldeak aurten, Umore Ona elkartearen eta Goizuetako Udalaren laguntzarekin, euskal dantzei herrian indarra emateko. Larunbat honetan izanen dute dantzari gaztetxoen festa bigarrenez, eta egun osoko programa prestatu dute horretarako.
Lau dantza talde izanen dira bertan: Aresoko dantza taldea, Añorgako Arkaitz taldea, Leitzako Aurrera, eta Goizuetako Umore Ona. 110 dantzari inguru izanen dira, guztira. 11:30etan elkartuko dira Xalto eskolan, eta ongi etorri ekitaldia eginen dute bertan, 'Agintariena' dantzatuta.
Ondoren, herrian barrena abiatuko dira lau dantza taldeak, kalez kale desfilea egitera, eguerdiko 12:00etan.
Txanda bikoitza zehaztu dute bazkalordurako: umeen bazkaria eginen dute aurrena, 13:30etan; eta helduena ondoren, 14:30etan. Eta bapo bazkaldu ondoren, dantzara bueltatuko dira gaztetxoak: herriko plazan eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko 16:30etan.
Txokolatadarekin eta dultzaineroen saioarekin borobilduko dute ospakizuna.
|
II. DANTZARI TTIKI EGUNA GOIZUETAN MARTXOAK 14, larunbata 11:30, Ongi etorria, eskolan: 'Agintariena'. 12:00, Desfilea, herrian barna. 13:30, Umeen bazkaria. 14:30, Helduen bazkaria. 16:30, Emanaldia, herriko plazan. 18:00, Txokolatada. Ondoren, Herriko dultzaineroak. |