Binakakoaren finalera sailkatu dira Alize Sagardui eta Enara Gaminde

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 10a

Alize Sagardui (eskuinean), Arrillagari begira, igandeko semifinalean.

22-12 menderatu zituzten Aldai eta Arrillaga, eta txapelaren bila ariko dira Arrizabalagaren eta Bergararen kontra.

Ederra egin du Alize Sagarduik! Binakako Txapelketa Nagusiaren finalera sailkatu da, Enara Gaminderekin batera, bere eliteko estreinako torneoan. Goizuetarrak eta laukiztarrak 22-12 menderatu zituzten Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga semifinalean, joan den igandean Agurainen, finalerako pasea lortzeko.

Hori horrela, txapela janzteko lehian ariko da Sagardui, martxoaren 22an Eibarko Astelena frontoian. Olatz Arrizabalaga eta Arrate Bergara izanen dituzte kontrario, haiek ere Agurainen bertan lortu baitzuten txartela, Ruiz de Infante eta Mendizabal menderatuta (22-14).

Peloteoan jaun eta jabe izan ziren Sagardui eta Gaminde, laukiztarrak atzean erakutsitako nagusitasunari esker. Goizueta­rrak tenple haundia erakutsi zu­en, eta aukera izan zuenean bikain sartu zen errematera. Horrela, berehala zabaldu zuten zuloa markagailuan, eta lan erdietarako 11-3 ziren aurretik. Partiduari eutsi zioten kontrarioek, eta luzea eta gogorra joan zen lehia, baina tartea ezin hobeto kudeatu zuten Sagarduik eta Gamindek, apenas akatsik egin gabe.

 

Salaberria eta Gaskue,  ia txapelketatik kanpo

Gizonezkoen B serieko Binakakoan, berriz, kinka larrian geratu dira Iker Salaberria goizuetarra eta Andoni Gaskue ultzamarra. 14-22 galdu zuten Peñaren eta Landaren kontra, semifinaletako ligaxkaren bigarrena; eta kasik milagro bat behar dute azkeneko jardunaldian: tarte nabarmenarekin irabazi, eta beste partiduko emaitza alde izan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!