Olatz Salvadorrek kontzertua emango du ostiralean Biterin, eta lau sarrera zozketatuko ditu Kronikak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 7a

Bere hirugarren lana aurkeztuko du Olatz Salvadorrek Biterin.

Harmailak kenduta, zutik entzuteko kontzertua izango da martxoaren 13koa, gaueko 22:00etan hasita. Sarrerak salgai daude, 10 euroan.

Puntako kontzertua izango da datorren ostiralean, martxoaren 13an, Biteri kultur etxean: be­re hirugarren lana aurkeztuko du Olatz Salvador musikari eta abeslariak, 'Zainak eman'.

Gaueko 22:00etan hasiko da kontzertua, eta zutik entzutekoa izango da, Biteriko areto nagusiko harmailak kenduko baitituzte. Aurrean, lau musikari ikusiko dituzte bertaratuek oholtzan, Olatz Salvadorrekin batera: Mattin Saldias gitarrarekin, Jagoba Salvador baxuarekin eta teklatuekin, Ander Zulaika baterian, eta Esti Beraza teklatuekin eta Olatz Salvadorri ahotsarekin lagunduz.

 

Bi sarrera bikoitz zozketan, Doberako bazkideen eta Kronikakideen artean

Kontzerturako sarrerak salgai daude, eta 10 euroan eskuratu daitezke, Biterin bertan eta kultura.hernani.eus webgunean.

Gainera, Kronikak bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu, Dobera Euskara Elkarteko bazkideen eta Kronikakideen artean. Parte hartu nahi duenak, kronika.eus webguneko zozketen atalean eman beharko du izena, eta astearteko eguerdiko 12:00ak arte izango da horretarako epea.

 

Hirugarren bakarkako lana, Olatz Salvadorrek

Musikariz osatutako familia bateko kide, txikitatik izan du lotura musikarekin Olatz Salvadorrek. 20 urte zituela, Skakeitan taldean hasi zen, hammond soinuak eta sintetizadoreak jotzen, eta lau urte beranduago hasi zuen bere bakarkako proiektua.

Bere hirugarren bakarkako lana kaleratu du orain, 'Zainak eman', Biterin aurkeztuko duena. Soinu organikoak eta elektronikoak «oreka ezin hobean» konbinatzen ditu albumak, eta Kataluniako Olivera estudioetan ekoiztu eta grabatu du. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!