Binakakoaren finalerako txartela izanen du jokoan Alize Sagarduik bihar, Agurainen

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 7a

Enara Gaminde laukiztarra eta Alize Sagardui goizuetarra.

Enara Gaminderekin batera, Amaia Aldairen eta Miriam Arrillagaren kontra ariko da goizuetarra. Jaialdi berean jokatuko dira, 12:00etan hasita, Binakako Txapelketa Nagusiko bi semifinalak.

Elite mailan debuta egin berritan, estreinako finalaren atari­an da Alize Sagardui esku pelotari goizuetarra. Binakako Txapelketa Nagusiaren semifinala jokatuko du bihar, Agurainen, Enara Gaminde laukiztarrarekin batera. Eguerdiko 12:00etan hasiko da jaialdia, eta Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga izanen dituzte kontrario, finalerako txartel preziatuaren bila.

Sasoi puntu bikainean iritsiko dira Sagardui eta Gaminde, biharko zitara. Behetik gora egin dute txapelketan zehar, nabarmen; eta azkeneko hiru partiduak irabazita, bigarren pos­tuan bukatu zuten ligaxka. Kontrakoa gertatu zaie Aldairi eta Arrillagari: txapelketa indartsu hasi ondoren, apalago aritu dira azkeneko asteotan. Edonola ere, kontrario gogorrak izanen dira, beraien esperientzia eta mailagatik.

Jaialdi berean jokatuko da, Agurainen, beste semifinala ere: Arrizabalaga eta Bergara, orain arteko bikote indartsuena, Ruiz de Infanteren eta Mendizabalen kontra ariko dira, jaialdiari hasiera emateko. Bi partiduak zuzenean eskainiko ditu ETBk.

Bi bikote irabazleek martxoaren 22an jokatuko dute finala, Eibarko Astelena frontoian.

Gizonezkoetan, Iker Salaberriak atzo gauean zeukan hitzordu garrantzitsua, B serieko Binakako Txapelketan. Goizuetarra Andoni Gaskuerekin batera, Jon Ander Peñaren eta Unax Landaren kontra zen aritzekoa, semifinaletako ligaxkaren bigarren jardunaldian, kasik hil ala bizikoa zen partiduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!