Goizuetako Txondorra izeneko elkartea sortu berri dute, irabazi asmorik gabekoa, ondare naturala, kulturala eta historikoa jomugan jarrita. Besteak beste, elkartearen asmoa izanen da «oroimen historikoa, ingurumenaren zaintza eta ohitura zaharrak sustatzen dituzten jarduera soziokulturalak bultzatzea».
Elkartea sortzearekin batera, bazkide izateko epea ere zabaldu dute. 14 urtetik gorako edonor izan daiteke kide. Horretarako, ondorengo helbidean sartu behar da: labur.eus/goizuetakotxondorra. Nahikoa da izen-abizenak, NANa, helbide elektronikoa eta telefonoa ematea. Urteko kuota 20 eurokoa izanen da, eta elkartearen aurreneko batzar orokorrean ordaindu beharko da, kide berriak onartzearekin batera. Datorren igandean, martxoaren 8an, bukatuko da izena emateko epea. Edozein zalantza edo galdera izanez gero, emailez jarri daiteke elkarteko kideekin harremanetan, goizuetatxondorra@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Asko izan dira, azkeneko urteotan, ondarearen inguruan Goizuetan martxan jarritako ekimenak eta berreskuratutako ohiturak. Horietako bat da, hain juxtu, elkarteari izena ematen diona, txondorgintzarena. Garai batean herrian izan zuen indarraren erakusgarri, aurreneko Txondor Eguna antolatu zuten 2023an. Maiatzaren bukaeran egin zuten txondorra, eta ekainaren 3ko ospakizunean piztu zuten, eta uztailean atera zuten bertan egindako ikatza.