1906an egin zuten estreinako zuhaitz eguna Goizuetan, duela 120 urte. 'Fiesta del árbol' izendatu zuten, Estatu Batuetatik eta Madrildik zetorren ospakizun hura. Eta urteurren borobila bete denean, bere jatorriari eta bilakaerari buruzko hitzaldia antolatu dute Goizuetan, bihar arratsalderako: udaletxeko ganbaran izanen da, 18:30etan hasita, Iñaki Sanz-Azkueren eskutik.
Hain juxtu, Iñaki Sanz-Azkuek berak duela 10 egun azaleratu zituen 'Fiesta del árbol' hari buruzko kontuak, Kronikan argitaratutako erreportaje zabal eta sakonean. Kontu horiek guztiak izanen ditu hizpide biharkoan, biologo hernaniarrak.
Martxoaren 20an, eskolako haurren irteera Istegitxokora
Biharko hitzaldia ez da izanen urteurrena ospatzeko ekitaldi bakarra. Izan ere, martxoaren 20an irteera eginen dute Xalto eskolako haurrek eta irakasleek, Istegitxokoko hariztira: aurreneko 'Fiesta del árbol' hartan landatu zutenera, 1906an. Jose Javier Etxeberriak eta Iñaki Bakerok gidatuko dute, eta herritar guztiei irekia izanen da. Hamaiketakoa ere eginen dute bukaeran.