Bilera irekia bihar Goizuetan, nekazaritzan eta elikagaien ekoizpenean interesa duten guztientzat

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 24a

Auxonbordakoen postua, iazko Feri Egunean. Argazkia: Felix Loiarte

Udaletxeko ganbaran izanen da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, lehen sektorean ari direnei zein aritu nahi dutenei zuzenduta.

«Tokiko elikadura sistema indartu nahian», urteak daramazkite lanean Nafarroako iparraldeko hainbat eskualdetako udalek, Cederna Garalur taldearekin elkarlanean. Eta horren baitan antolatu dute nekazaritzari eta elikagaien ekoizpenari buruzko bilera erronda, Baztan-Bidasoan eta Mendialdean. Bederatzi saio ireki dira denera, eta bihar izanen da Goizuetaren txanda: arratsaldeko 18:00etan eginen dute bilera irekia, udaletxeko ganbaran, lehen sektorean ari direnei zein aritu nahi dutenei zuzenduta, interes profesionala edo pertsonala izan.

Arlo horretan dauden erronkei helduko diete saioan. «Nekazaritza sektorean lanean ez hasteko arrazoi ugari izan daitezke: lursail falta, inbertsioak egiteko zailtasun ekonomikoak, bidera­garritasun ekonomikoaren zalantzak, formakuntza falta... Nahi­ko arrazoi orokortuak dira hori­ek, baina oraingoan gure herriko errealitatean eta problematika zehatzetan sakondu nahi dugu. Ba al dago lehen sektorean aritu nahi duenik baina zailtasunen ondorioz lortu ezinik dabilenik? Zein dira jadanik horretan ari direnen erronkak? Zein formakuntza behar dute? Ba al dute baliabide kolektiboen beharrik? Zerk lagundu diezaieke beraien ekoizpena eskualdean bertan saltzeko?».

Gai horiek landuko dituzte bileran, aditzera emanen dute orain arte egindako lanketa, eta entzunen dituzte sektorean ari direnen edo aritu nahiko luketen horien «egoera, interes, nahi eta beharrak». 

Bertaratu eta parte hartzeko gonbitea luzatu diete gaiaren inguruan interesa duten guztiei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!