Goi-mailako sokatiraz gozatzeko aukera izanen da bihar, Goizuetan. Izan ere, bertan jokatuko da Euskal Herriko Txapelketaren estreinako jardunaldia, bi kategoriatan: 600 kilo arteko gizonezkoen taldeetan, eta 500 kilo arteko emakumezkoenetan. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da lehia, Lubineko frontoian. Goizuetako Kultur Taldeak antolatu du jardunaldia, Goizuetako Udalaren eta Umore Ona elkartearen laguntzarekin.
Euskal Herriko bost lurraldetatik etorriko dira taldeak. Gizonezkoetan, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain Nafarroatik, Ibarra Gipuzkoatik, Zuraide eta Ñapurrak Lapurditik, eta Abadiño Bizkaitik. Emakumezkoetan, berriz, lehian ariko dira Berriozar, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain nafarrak, Ibarra gipuzkoarra, Abadiño bizkaitarra eta Badaiotz arabarra.
Biharkoaren ondotik, gizonezkoek otsailaren 21ean jokatuko dute finala Abadiñon. Emakumezkoek, berriz, bigarren jardunaldia izanen dute bertan, eta finala otsailaren 28an jokatuko dute Txantrean.