«Oso berezia eta hunkigarria izan zen Minbiziaren Egun Solidarioa»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 11

Jende asko gerturatu zen azoka solidariora eta antzezlana ikustera, Xalto eskolara.

Joan den larunbatean bizitakoa «izugarria» izan zela nabarmendu dute Xalto eskolako ikasleek, eta herritarren «solidaritatea» goraipatu dute.

Xalto eskolako ikasleen ekimenez, Minbiziaren Egun Solidarioa ospatu zuten Goizuetan, joan den larunbatean. Eta egunak emandakoarekin oso pozik agertu dira antolatzaileak: «Izugarria izan zen larunbatekoa, oso oso berezia eta hunkigarria. Goizuetak berriro erakutsi du bere solidaritatea», nabarmendu dute.

Jende asko hurbildu zen azokara eta antzezlanera, eta 1.840 euro bildu zituzten, 2ZI elkarteari laguntza emateko, minbiziaren ikerketarako. Aste honetan bertan emanen diete dirua.

Eskola osoak hartu zuen parte egun berezian, bakoitzak bere produktuak sortu eta azokan salgai paratuta. Horretan buru-belarri aritu dira hilabetez, eta askorako eman du egunaren prestaketak: «Minbiziaz eta zelulez ikasteaz gain, minbizia pasa dutenen testigantzak, zapi koloretsuen manta solidarioa josteko guraso eta aiton-amonen laguntza, erizainen esperientziak eta azalpenak, lepoko eta giltzak egiteko tailerrak, eskulanak egiten dituzten emakumeen lanen ekarpenak, boletoen salmenta, testuen sormena, azoka solidarioa eta, azkenik, antzerkia».

Ikasleen «jarrera eta ekimena» eta gurasoen eta herritarren «babesa, laguntza eta solidaritatea» azpimarratu ditu eskolak: «Gure eskerrik beroenak lagundu diguzuen herritar guztioi, minbiziaren ikerketaren aldeko ekarpena egiteagatik; Porrotx pailazoari, bere aipamen bereziagatik; eta eskola osoari, jasotako laguntzarengatik».

Erlazionatuak

Minbiziaren Egun Solidarioa

Kronika - Erredakzioa ots 10, 11:49 Goizueta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!