Minbizia aurreneko lerrora ekarriko dute gaur Goizuetan, Xalto eskolako ikasleei esker. Azkeneko hilabeteotan lanketa sakona egin dute gaiaren inguruan, eta gaurkoan borobilduko dute, ikasi, deskubritu eta sortutako guztiari forma emanda: Minbiziaren Egun Solidarioa ospatuko dute eskolan bertan, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbitea.
Goizeko 11:00etan hasiko dute ospakizuna, azoka solidarioa jarrita. Bertan, erakusgai egonen da ikasle guztien artean koloretako zapiekin osatu duten manta solidarioa ere.
Eguerdiko 12:00etan izanen da bigarren hitzordu nagusia: 'Xomorro lapurra' antzezlana eskainiko dute LH5 eta LH6 mailetako ikasleek. Minbiziari eta zelulei buruz irakurri eta ikasitako guztia baliatu dute antzezlana sortzeko.
Eta azkenik, saskiaren zozketa eginen dute 12:30etan. Lizarraga harategian egon da saskia ikusgai azkeneko asteotan, eta boletoak ere saltzen aritu dira. Gaur izanen da azkenekoak erosteko aukera, azokan bertan.
Ekimenarekin bildutako diru guztia, emanen diote bularreko minbiziaren akonpainamentua, sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna helburu duen 2ZI elkarteari.
Hain juxtu, 2ZI elkarteak Leitzan antolatutako bularreko minbiziaren aldeko martxa izan zen ekimen honen abiapuntu. Xaltoko irakasle batek minbizia pasa berri zuela eta, gaiari buruz gehiago jakiteko eta zerbait egiteko interesa piztu zitzaien ikasleei, eta hala aritu dira urritik hona.
Herritarrei erakutsi nahi diete emaitza gaur, 2ZI elkarteari ahalik eta laguntza haundiena eman nahian.