Oso egun berezia izanen da otsailaren 7koa Goizuetan: Minbiziaren Egun Solidarioa ospatuko dute, Andres Narbarte 'Xalto' eskolako ikasleek antolatuta.
Goizeko 11:00etan hasiko dute eguna, eskolan azoka solidarioa paratuta. Erakusketa ere izanen da, koloretako zapiekin osatu duten Manta Solidarioarekin. Ondoren, 'Xomorro lapurra' izeneko antzezlana eskainiko dute Lehen Hezkuntzako 5garren eta 6garren mailetako ikasleek, eguerdiko 12:00etan. Eta azkenik, egun hauetan harategian ikusgai dagoen saskia zozketatuko dute, 12:30etan. Boletoak ere salgai daude dagoeneko.
Horrekin guztiarekin, bildutako dirua 2ZI elkarteari emanen diote, minbiziaren ikerketara bideratzeko. «Bularreko min(2ZI)aren akonpainamentua, sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna» helburu duen elkartea da 2ZI.
Minbiziari buruz proiektu bat egiteko nahia, ikasleek
Xaltoko ikasleak eurak izan dira Minbiziaren Egun Solidarioaren sustatzaile, hasiera-hasieratik. Iazko urriaren 5ean, bularreko minbiziaren ikerketaren aldeko martxa solidarioa egin zuten Leitzan, 2ZI elkarteak antolatuta. Gainera, ikasleak gertutik ikutu dituen gaia da, haien irakasle batek pasa berria baitzuen bularreko minbizia. Hori horrela, gaiaren inguruan proiektu bat egiteko eta horri buruz gehiago jakiteko interesa erakutsi zuten Xalto eskolako ikasleek.
Esan eta egin. Minbiziari buruzko informazioa bildu, pasa dutenen testigantzak eta erizainen azalpenak jaso, tratamenduak edota heriotzaren ondorengo dolua ezagutu... Luze eta zabal aritu dira LH5 eta 6ko ikasleak gaiaren inguruko lanketan, «ilusio haundiz»; eta horren emaitza izanen da otsailaren 7ko ospakizuna.
'Xomorro lapurra' antzezlana ere, irakurritako liburuetan oinarrituta eta zelulei buruz ikasitakoarekin sortu dute.
Orain, herritar guztiei luzatu diete parte hartzeko eta laguntza emateko deia. 11 egun barru daukate horretarako hitzordua.