Alize Sagardui esku pilotari goizuetarrak estreinako garaipena lortu zuen Binakako Txapelketa Nagusian, larunbatean Amurrion. Goizuetarrak eta Enara Gamindek 22-20 menderatu zituzten Aldai eta Arrillaga, oso lehia gogorrean. Orain arte partidurik galdu gabe ziren kontrarioak, eta gogotik egin behar izan zuten lan Sagarduik eta Gamindek, lehenengo puntua eskuratzeko. Bi bikoteak oso parekatuta izan ziren 16nako berdinketara arte, eta gorabeheratsua izan zen azkeneko zatia. Orduan, sendoago aritu ziren goizuetarra eta laukiztarra, eta ondo merezitako garaipena eskuratu zuten, aurreko partiduetan esku hutsik geratu ondoren. Horrekin, bere estreinako du Sagarduik txapelketa nagusian, torneo honetan egin baitu debuta Emakume Master Cup zirkuituko maila gorenean.
Iker Salaberriak, berriz, galdu egin zuen B serieko Binakakoaren partidua, Andoni Gaskuerekin batera. Ostiralean jokatu zuten Buñuelen, eta 15-22 nagusitu zitzaizkien Dario eta Loza. Edonola ere, laugarren postuari eusten diote goizuetarrak eta ultzamarrak ligaxkako sailkapenean, jokatutako 10 partiduetatik bost irabazita. Hori bai, garaipen bakarreko aldea daukate atzekoekin, eta bi puntura egin diete ihes aurrekoek.