Beñat Apezetxea goizuetarrak profesionaletara emanen du saltoa, Asperekin kontratua sinatuta

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 19a

Afizionatuetan sekulako mailan aritu ondoren, 21 urterekin eginen du debuta esku pilota profesionalean, «txikitako amets bat» beteta. Oraindik ez dute zehaztu bere estreinako partiduaren data, baina epe laburrean izanen da.

Nahikoa meritu egina zeukan afizionatu mailan, eta konfirmatu da notizia pozgarria: profesionaletan ariko da Beñat Apezetxea esku pilotari goizuetarra, Asperekin kontratua sinatu ondoren. Azkeneko urteetan oso txapelketa garrantzitsuak irabazi ditu afizionatu mailan; besteak beste, joan den urteko Antiguko Torneoa, Miguel Soroa Memoriala edota El Diario Vasco Txapelketa. Hori horrela, profesionaletan debuta egiteko aukera eman dio Aspek, 21 urterekin. Oraindik ez dute zehaztu bere estreinako partiduaren data, baina epe laburrean izanen da, printzipioz martxoa bukatu aurretik.

«Txikitako ametsa betetzea izanen da niretzat, eta oso eskertuta nago eman didaten aukerarekin», adierazi du goizuetarrak. Horrela, anbizio haundiegirik gabe ekin nahi dio bede bideari: «Pixkanaka hobetzen joan nahiko nuke, maila ona eman eta kantxan disfrutatu».

Iker Salaberria herrikidearekin eginen du bat Aspen, eta Ekain Lizeaga astigartarrarekin batera, denera hiru izanen dira Urumea bailarako esku pilotari profesionalak berriro, Hodei Expositok utzi ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!