Ospakizun garrantzitsua izaten zen San Anton egunekoa, Goizuetan. Aziendatik bizi ziren garai batean familia asko, eta haiek bedeinkatzeko eguna zen urtarrilaren 17ko hau. Ospakizuna bertan behera geratu zen urte luzez, baina ahanzturatik atera zuten duela hamarkada bat.
Bihar beteko dira 10 urte, San Anton eguneko ospakizuna berreskuratu zutenetik, Goizuetako izen bereko ermitan. Azkeneko urteetan gerturatu izan dira 60 bat lagun, eta gehiago izatea nahiko lukete aurtengoan, larunbatarekin tokatu dela aprobetxatuta.
Hernanitik Goizuetara iritsi baino 40 metro lehenago dago San Anton ermita, eta oinez joan ohi dira herritarrak bertara. Goizeko 11:15etan jarri dute hitzordua bertan, bedeinkazioa egiteko: aziendek hiru buelta emanen dizkiote ermitari, apaiza atzetik dutela; eta ondoren bedeinkazioa emanen die apaizak berak.
Ondoren, meza kantatua eginen dute ermitan bertan, 11:30etan hasita. San Antonen bertsoak ere abestuko dituzte. Eta ospakizuna borobiltzeko, hamaiketako goxoa eskainiko dute bertaratutako guztientzat: salda eta txistorra.
Herriko ermiten ospakizunak berreskuratzeko saiakera
San Anton ermitakoa ez da berreskuratu duten ospakizun bakarra, azkeneko urteotan. Herriko sarreran dago Madalenako ermita ere, eta apaizak proposatuta hasi ziren bertan ere ospakizuna egiten, uztailaren 22an, duela bi urte.
Esteban Irurtzun Balda apaiza zenak berritu zuen ermita, 50 urtez Goizuetako eta Aranoko apaiz izan zenak; eta hil zenean, Madalenako ermitan gorde zituzten bere errautsak. Don Estebani eskainitako bertsoak ere badaude bertan, eta berari abesten dizkiote Madalen eguneko ospakizunean.
Baziren beste bi ermita ere Goizuetan, mendi inguruetan: San Pedrokoa eta Santa Kruzekoa. Gaur egun ez daude ermita gisa erabilgarri, eta horiek berreskuratzeko ekimena ere mahai gainean daukate.